Izarraizpetik

Etena

Erabiltzailearen aurpegia Irati Aranguren 2022ko mai. 6a, 08:21
(Argazkia: Pixabay)

Irati Arangurenek 2022ko apirileko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

"Sarri bidean azaltzen da etena, ez aurrera, ez atzera, geldi geratzen da dena. Berriz martxan jartzea izaten da zailena". Goizean autoan entzuniko hitz horiek Eneritz Aulestiarenak dira, Julen Alonsok gozoki doinua jarrita. Autoan isilik joan ohi naiz gehienetan, musikak nire bizitzari taupada asko ematen dizkion arren, gogoko dut bidaiak isilik egitea. Kopiloturen bat sartzean, ordea, ttak! Play botoira luzatu ohi dute eskua. Pilotu lagunak ere beharrezkoak dira bizitzako bidaian erritmoa jartzeko, beraz, gustura hartzen ditut! Gaur, ordea, neuk jarri dut musika martxan, barruko korapiloak hala eskatuta; eta kasualitatez edo, bozgorailutik atera diren lehen hitzak izan dira horiek.

Bizitza arrapalada batean doa, eta norbere lasterketa lasai hartu eta behatu ordez, are eta itsuago eta azkarrago egiten dugu korrika. Izan ordeka, izan malda, berdin du! Aurrera goaz bizitzeko denborarik gabe, itsumustuan, tupust han eta hemen, salto han eta segi aurrera.

Baina bizitzan badira etenak, salto batean pasatu ezin direnak. Zer dira etenak? Nola bizi ditugu? Nondik agertzen dira? Atzotik gaurrera etenaldi luzea hasi dudan sentipena dut. Harreman askori agur esan behar izan diet denboraldi luzerako, egunerokotasun azkarra ere amaitu egin zait. Abestiak dioen gisan, ez aurrera, ez atzera, geldi geratzen da dena! Eta orain, zer?

Etenak garapenerako pausaguneak direla uste dut. Bizitza ikusteko ditugun arnasaldiak dira, geratu, behatu eta egunerokotasunari kontzienteago ekiteko; behar-beharrezkoak, bai etenaldi gozo, gazi, zein gazi-gozoak. Argi dut nire etena ezinbestekoa dela; arnasteko behar genuen tartea da, eta iritsi zaigu. Geldiune gozoa da, nahiz eta etenaldia izateak beldurtzen nauen.

Batzuetan, ordea, etena betirako pausa bezala dator; tupustean, tunelaren amaierako argirik gabe. Zer egin medikuak zure kide kuttun batek hilabeteko bizia duela esaten dizunean? Haren arnasaldia eten egingo dela badakizu. Baina nola esan berari arrapaladan daramagun egunerokotasunean egonaldia hartzeko, lasterketako azken esprinta goza dezan? Eta zuk, berarekin esprinta korritzeko, nola eten zure korrikaldia?

Etenak han-hemenka agertzen zaizkigu bizitzan, eta edozein izan daiteke stop bakoitzaren kausa. Batzuetan haizea kontra izango dugu, besteetan, berriz, alde; baina zoriaren aurrean panpinak gara, inor ez baita izango patuaren jaun eta jabe. Ezinezkoa da zoria saihestea. Beraz, patuaren geltokian beldurrik gabe jaitsi, erlojua ahaztu, musuak luzatu eta abar. Perfekzioa ez da inoiz existitu, egun batzuetan gozatuz zein besteetan sufrituz, bere poz eta bere min, bizitzak denak ditu.

Gaur goizean, nire etena tarteko orri xume hauetan zer idatzi ez nekiela nenbilela, lagun bati laguntza eskatu diot eta bere bizitzaren berri eman dit. Eskerrak Julen, Eneritz eta lau lagunok elkartu garen elkarren minak goxatu, pozak indartu eta bizitza berpizteko. Besarkada bana!