Izarraizpetik

Gure bazterrak

Erabiltzailearen aurpegia Irati Aranguren 2020ko abe. 8a, 17:00

Irati Arangurenek 2020ko azaroko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

"Zer goxoa den amaren bularraren epela. Zer usain berezia duen amarengana etortzen den lagunak... Hara, zeinen polita zaren, ama!"

Amaren sabelean gaudenean, zein jaio bezain pronto, gai gara inguruko zenbait elementu identifikatzeko eta bereizteko. Haur garela zentzumenen bitartez jasotzen dugun informazioa itzela da; ukimenak, usaimenak, entzumenak, dastamenak zein ikusmenak pizten dio haurrari bizi grina. Jaio eta berehala jakitun gara hainbat usain eta kolore daudela bizitzan. Orduak, egunak eta urteak aurrera joan ahala, izendatu egiten ditugu ezberdintasun horiek: kolore argiak eta ilunak, usain txarrak eta onak. Eta gaur ez bada bihar, honelako galdetegiren batekin topo egiten dugu: "Erantzun azkarrak: 1.- kolore gustukoena, 2.- urtaro onena, 3.- mendia ala itsasoa, 4.- hotza edo beroa, 5.- sagarra edo lorea, 6.- ...".

Ez dut inoiz galdetegi horretako punturik ziurtasunez erantzun. Hala nola, sekula ez dut nire urtarorik kutunena aukeratzen jakin. Urtaro guztiak ditut gogoko; baina, egia esan, udazkenak badu zerbait berezia. Herriko paisaiak duen itxuragatik ote? Urtaro tristearen fama baldin badu ere, niretzako oso bizia da. Kolore hilekin lotu ohi den arren, ikaragarrizkoa da mendian egoten den kolore zaparrada. Kolorez betetzen da mendia, haize ufadak indartzen dira. Eta nik maite dut bai haizearen konpasean izadia biluzten ikustea, bai hankapeko orbeletatik datorren musika aditzea.

Mendia dut arnasleku, berritu egiten nau. Eta zuretzat, zer da mendia? Azken hilabeteetan garrantzi handia hartu du mendiak. Nire inguruan mendizaleak eta lagunartean eginiko mendirako planak ugaritu egin dira. Zenbatek zapaldu ditugu sekula zanpatu gabeko sail edo gailurrak? Lehendabizikoz Xoxotera igo zaren hori, aupa zu! Oñazko apaizetxeko salda probatu
duzun hori, ederra zegoen, ezta? Larunbateko parranda luzerik ezean, parranda motzei zentzua aurkitzeko igande goizean mendia bisitatzen hasi zaren hori, bejondeizula! Egungo egoera xelebre honek balio izan digu gure inguruko txokoak ezagutzeko, izan mendi gailurrak, zein etxe ondoko bidezidorrak.

Asko du eskaintzeko mendiak. Bildu berri ditugu mahats eta sagarrak, eta bidean datoz intxaur eta gaztainak. Natura oso jakintsua da, eta garai bakoitzean ematen digu gure gorputzak behar duena; udazkenak ematen dizkigun elikagaiek neguaren hotzerako prestatzen gaituzte. Fruitu lehorrak berrindartzeko, garaiko fruta eta barazkiak katarro eta birusen kontra lan egiteko, barrengorri eta perretxikoak sistema immunologikoa eta arnas sistema hobetzeko, eta abar. Zer gehiago eskatu geniezaioke?

Sare sozialetan ere ugaritu egin dira mendiari buruzko sarrerak, baita mendi-tatuajeen argazkiak ere. Orain gutxi lagun batek hala esan zidan: "Etxeko pareta bat dut Txindoki marrazteko gordea". Imajinatzen al duzue Azpeitia inguratzen duten mendilerrorik gabe? Begirada gora altxatu eta ikustekorik gabe? Gozatu dugunaz, zorte ikaragarria dugu-eta dugun herrian bizitzeaz! Uda epelean egin dugun bezalatsu, jarraitu udazken eta neguan ere gure mendiez gozatzen!