Horma zaharrak

Erabiltzailearen aurpegia da hau Irati Aranguren | Iritzia
2019ko mar. 25a, 10:11

Irati Arangurenek Uztarria aldizkariaren 2019ko martxoko zenbakian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Soroak aspaldi bilakatu ziren zelai; basoak ere galdu ditugu. Azken hamarkadetan asko aldatu da gure herriko paisaia, hala nola hor ditugu leiho-zuloak egurrez estalita dituzten baserriak. Zer esango lukete gure attittek eta amamek beren etxeko sarrera harriz tapatuta ikustean?

Euskaldunon nortasunaren adierazle dira baserriak. Nondik sortu ziren herri kirolak? Non dute oinarria euskal dantzek? Nondik dator jaki osasuntsua? Egun, ordea, baserria gainbeheran doan heinean, galduz doaz bai herri kirolen eta dantzaren ezagutza, bai elikagaien kalitatea. Eta zer esan gure hizkuntzaz? Baserria itzaltzen joan ahala hamaika hitz ere ilunpean geratu dira. Bihitegia, pedarra, gorba, opatxurra, armailua, zizailua, garaia, galbahea, eta abar. Aitortzen dut luzea dela sekula ahoskatu ez dudan baserri giroko hitzen zerrenda.

Aurtengo santa eskean zortea izan dut 25 urtez kantuan irten den lagunartean oles eginaz gozatzeko, 25 years challenge egiteko tartea esku-eskura. Mende laurdenean baserri erdiak hustu diren arren, itxaropentsu kolpatu genituen gainerako baserri etxeetako lurrak, antzututako baratzeei uzta emankorra eskatzeko. Noizbait norbaitek baratzea berpiztuko duen esperantzan, inozoak gu!

Kaletartutako gizarte hau baserritik bizitzen hastea ezinezkoa bada ere, baserriak etxe bilakatuta, oraindik garaiz gaude herriaren ondare preziatuak babesteko. Orendaingo herriaren kasuan, Udalak baserri hutsak dituzten jabe pribatuei laguntzak eskaintzen dizkie horiek biziberritzeko. Besteak beste, baserrietan hiruzpalau etxebizitza egiteko aukera ikusten badute, lehenik erosleak aurkitzen dituzte, eta ondoren ekiten diote obrari, horrela baserriaren bizirautea bermatuz.

Eta zuk zer egingo zenuke gure herriko horma zaharrak kondaira urratu baten ezaugarri bezala, soilki, bakardadean ez gelditzeko?

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu