Oilo-ipurditan

Erabiltzailearen aurpegia Irati Aranguren 2019ko urt. 29a, 16:11

Irati Arangurenek Uztarria aldizkariaren 2019ko urtarrileko zenbakian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Azpeitiarrok festazaleak gara bai, gureak zein gureak ez diren festa egunak egutegian sartu eta urte osoa ospakizunez ospakizun igarotzen dugu. Baina zein dira benetan oilo-ipurdia eragiten diguten jaiak? Besteak beste, entzutetsuenak dira helduen danborradako gauerdiko San Sebastian martxa eta San Inazio jaietako txupinazoa. Niri, ordea, pasatu ziren santotomasetan jarri zitzaidan lehendabiziko aldiz oilo-ipurdia herriko jaietan.

Higuingarria zaidan zerbait jatea eta auzo-lotsa dira oilo-larrua jartzen didaten gauza bakarrak. Hotzikara sortzen dira Azpeitian baserritarrez janzteko dagoen modak. Nondik dator belaunetarainoko gona janzteko ohitura? Eta azpiko gona itsusiak agerian eramateko joera? (Puntilla dotoredun azpiko gonak izango bagenitu sikiera, harrotasunez erakutsi ahal izateko).

Baserrietako sutondoak desagertu zirenetik galdu egin da belaunaldiz belaunaldiko ohiturak mimoz mantetzeko gaitasuna; horren ondorio da hemengo egoera. Baserritar janzkerari buruzko ezjakintasun handia dago Euskal Herrian. Ereduak galtzeak, gure janzkerarekiko begirune faltak, informazio ezak, industriaren estandarizazioak eta beste zenbait gertaerek eragin handia izan dute gure jantzietan.

Mendeetan barrena aldatu egin da baserritar janzkera; hori dela eta, zabala eta aberatsa da dugun aukera: hor ditugu XIX. mendeko janzkera zibilaren ondorioz geratu zaizkigun jantziak (baserritar jantzia, artzain jantzia eta amona jantzia), festa jantziak, arrantzale giroko jantziak zein dantzarako jantziak. Argi dago estilo askotariko arropa dugula eskura, beraz jantz gaitezen dotore.

Gauzak horrela, azpeitiarrok, egin dezagun promesa urte berri honetarako: 2019ko Santo Tomas egunean mimo gehiagoz jantz gaitezen.