Ezkerreko erreitik

Erabiltzailearen aurpegia da hau Irati Aranguren | Iritzia
2018ko abe. 3a, 09:50

Irati Arangurenek Uztarria aldizkariaren 2018ko azaroko zenbakian idatzitako iritzi artikulua da honakoa.

Badator Euskaraldia, eta ahobizi eta belarriprestok mihiak bixi-bixi eta belarriak tente jartzeko gogotsu gaude. Ekimen horrek sarritan euskaldunon ahotan izan dugun eztabaida dakarkit gogora. Zer da euskaldun izatea? Nor da euskalduna? Bihotza, ezagutza ala kontzientzia da gakoa? Azken hilabeteetan euskararen alde lanean jende mordoa ari den bitartean, ingeleskeriak egiten aritu naizela aitortzen dut. Bai, ingelesa sentitu naiz nahi baino gehiagotan.

Maite dut, bizikleta edo patinak lagun, Azkoitia-Azpeitia arteko bidegorriko lasaitasunaz gozatzea, baina sarritan lasaitu ordez ernegatuta itzultzen naiz.
Bizikleta hartu eta Azkoitirako bidea bikaina. Itzulerak, ordea, nire baserritik mendi muinora irteteko astoek zuten bidea gogorarazten dit: bazterretan gerrirainoko belarra eta sasia ugari. Loiolara iristerako eskuin hanka urraduraz josia dudala ohartzen naiz, ziztu bizian damutzen naiz eguzki epela ikusi eta galtza motzak janzteaz.

Bakoitzak berea omen legea. Beraz, fardoak egiteko adinako belarrak itzal umela ere halakoxea. Umela diot bai, erreka ertzak horixe du xarma. Dena den, patinetan ibili ohi garenontzat ipurtaldekoak hartzeko aukerak esku-eskura.

Kontuak kontu, Azkoititik etxerako bidea hain estresagarria ez izateko, neure osasunaren alde, ingelesarena egitea bururatu izan zait. A zer plazera ezkerreko erreitik erreka entzunaz etxera itzultzea! Hala ere, beti dago ernegatua bizi den norbait, okerreko bidetik noala oihukatuko didana, lotsagabea naizela aurpegiratuko didana, ez nagoela Ingalaterran gogoraraziko didana, eta abar. Nondik noan jakingo ez banu ere!

Euskaraz dantzatzen dut, euskaraz laguntzen dut, euskaraz amesten dut, eta bidegorrian ere euskaldun sentitu nahi dut.

Ziur naiz Loiolako Inazioren bihotzeko lagun Frantzisko Xabierkoa datorrenerako txukunduko dutela bidegorria.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu