Anekdota bat?

Erabiltzailearen aurpegia Iosu Badiola 2009ko ira. 22a, 22:09

Nere oso gertuko lagun bati udan gertatutakoa:

Supermerkatu haundi hoietako baten euskal etxe batek egiten dituen pasta batzuen kaxa bat erosi zuen abuztuko arratsalde batean. Handik hiru bat astetara kaxa ireki eta kaxa erdia bakarrik zegoela beteta ikusi zuen. Normalean bi zorro egoten omen dira eta kaxa hartan bakarra zetorren. Erosketen ticketa aspaldi botata zuenez dendara kexatzera ez joatea erabaki zuen. “Earra kontue, ja! Hola irabazikoiabe dirue berriz e! Guri bai holakuek tokau!” omen zioen marmarrean etxeko batek. Gure protagonistak ondo hartu zuen. Edonork izan zezaken oker bat bezela. Anekdota bat.

Egun batzuk igaro ziren eta gure protagonistak gozodendara idatzi zuen. Gertatutakoa kontatuz, ticketik ez zuela eta erreklamazio partez,  beste inori ez gertatzeko kontuan hartzeko ohar bat bidaliz. Berehala jaso zuen erantzuna gozodendatik: pilo bat eskertuz eta barkatzeko esanez, jendeak horrelako kexak adierazteko ohiturarik ez duela eta eskertuz gertakizunaren berri ematea. Kalitateko arduraduna zen, eta ia pasten kaxan zein lote zenbaki jartzen zuen eskatuz. Baita ere, gure protagonistaren etxeko helbidea eskatuz, detailetxo bat bidaliko zietela eta.

Kaxa bera ere zaborretan zegoen aspaditxotik, ezin, beraz, lote zenbakirik eman. Hala eta guztiz ere detailetxoa bidaltzeko asmoarekin jarraitzen balute helbidea jarriz erantzun zien lagunak aurrez jarrera eskertuz.

Erantzun eta bi egunetara etxeko tinbrea. Paketa bat zuela. Gozodendakoa. 12 botilako ardo kaxa baten neurriko kaxa bat omen zen. Dena pasta eta gozogauza desberdinez betea. Hura poza!

Nik ere txokolatezko batzuk jateko zortea izan nuen.

Zenbat aldiz ibiltzen ote gera marmarrean batek ez dakit ze egin/esan digula, ez dagoela eskubiderik! Hurrengoan ederrak aitukoitu!  (eta hurrengoan ere ez diogu ezer esaten dagokionari baina berataz marmarrean bai besteei…). Zenbat bikote banatzearen arrazoia ote da gauzak (behar bezela) ez hitzegitea! Zenbat aldiz kexatu ote gera erakundeetaz baina bertara kexa hori azaltzera joateko adorerik izan ez!  Ze beldur diogun gauzak aurpegia emanez konpontzen saiatzeari!