Farrah Fawcett

Erabiltzailearen aurpegia

 

Goizean lanera nindoala jakin nuen Michael Jackson eta Farrah Fawcetten heriotzen berri. Kotxean sartu eta irratia piztu orduko. Ostiralekoan, lanerako bidea nostalgiaz betetako bidaia izan nuen.

Lehenengoari buruz nahikoa entzun-ikusi-irakurri izateko aukera eduki degunez, bigarrenari buruz arituko naiz. Jill pertsonaia interpretatuz famatua egin zen neskaz.

Nere memoriak ezin izan dit zehaztasun haundiagorik eman, eta hortaz, ezin jakin nik Jill, nere ama edo nere andregaia izatea nahi nuen. Ondo akordatzen naizena berataz erabat txoratuta egon nintzela da. Gaur egun ez dakit, baino, sasoi haietan baziren pasteltxo arrosa batzuk (industrialak), nik jan ezin nituenak. Ikuste hutsak egundoko atzerakada ematen zidatenak. Pantera Rosa izenekoak. Ba bolada batean pasteltxo hauekin batera pegatina batzuk etortzen ziren zorroan. Los ángeles de Charlieren pegatinak. Goizean ikastolara joateko autobusa hartu aurretik Trastornon dendatik bat erosi, barruko pegatina hartu eta pasteltxoa zaborretara botatzen nuen. Eta pegatinean Jill ez bazen agertzen pegatina ere bai. Atera kontuak zenbat miresten nuen neska begiurdin hura.

Eta orain, bere heriotzaren berri jakindakoan, benetako erlazio bat izandakoan harremana bukatu eta denbora bat pasa ondoren geratzen den esker oneko oroimena sentitu det. Gure artekoa egitan pasatu izan balitz bezela. Emozio atseginak sentitu ditut berriro ere.

 

Michael Jacksonek egindako gauza guztietatik We are the world abestiarekin geratzen naiz.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide