Hau dek plazerra!

Erabiltzailearen aurpegia

Astero zeoze idatzi nahiak buruhauste bat baino gehiago  sortzen dit batzutan. Eta astean behingo maiztasunari eutsi nahi izaten diot. Emandako hitza betetzen saiatzen naiz.

 

Behin, bertsolari txapelketa bateko saio baten, Jokin Sorozabalek bukaerako agurrean oso bertso ederra bota zuen. Ez naiz hitzez hitz akordatzen, baino esaten zuenaz bai. Bertsotan aritzea kaka egitearekin parekatzen zuen. Egunaren araberakoa. Batzuetan, bere kasa, lasai-lasai, txukun-txukun ateratzen dela. Batere esfortzurik egin gabe. Hurrena berriz, agin ahalak eginda ere hor geratzen zela. Ataskatuta. Irten ezinik.

 

Neri ere horixe gertatzen zait idazterakoan. Edo ideia gehiegi izaten ditut, edo bat ere ez. Ideia eduki arren nola mamitu asmatu ezina ere bai beste batzuetan.

Dagoeneko mokordo batzuk, barkatu, mordo bat idatzi ditut. Egindako obra(mendu) batzuk “usai”rik ez dute edukitzen. Dena bare geratzen da. Beste askotan, ordea, “usai” txarra izan du nunbait, eta kexa dexente ibili det inguruan.

 

Osasungarria denez, nik neure lanean jarraitu behar. Batzuentzat, kaka nahasten. Beste batzuentzat nahi eta ezinean… baina egiten dudan bakoitzean komuneko bonba, edo hobeto esanda “gehitu” botoiari sakatuz.

 Hau dek plazerra!

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide