Iritzia

Ohiturak

Erabiltzailearen aurpegia Ione Gurrutxaga 2021ko abu. 23a, 15:55

Ione Gurrutxagak 2021eko abuztuko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Ikasturte amaieran, irailean eskolara itzultzean ezarri ziren protokoloei eta hasiera hartan irakasle eta ikasleen artean eragin zituzten buruhausteei buruz hizketan ari ginela, lankide batek bota zuen gizakia dela aldaketetara egokien moldatzen den animalia. Halaxe diote adituek ere, eta moldatzeko erraztasun horrek ematen omen digu ingurura egokitu eta bizitzan aurrera jarraitzeko gaitasuna. Eta, ikusitakoak ikusita, arrazoi izango dute: urte eta erdian gure bizitza goitik behera aldatu da, eta, hala ere, moldatu egin gara, eta zenbait kasutan, baita ohitu ere.

Konturatzerako heldu da abuztua, eta, aurten ere, noizbait marea izan zen hark nahikoa lan izan du zipriztinetara iristen, txistor usainik gabeko santotomasek, danbor hotsik gabeko sansebastianek, goizeko dianarik gabeko karnabalek eta Mantangorri eta auzoetako gainerako maskotarik gabeko festek bezalaxe. Iaz, garai honetan, etxetik irten berriak ginen, maskara janzten hasiak ordurako, eta, beldurrak beldur, etxean igarotako egunak ahaztu, ingurukoekin elkartu, eta urterik urte gozatutako usadiora itzultzeko ahalegina egin genuen, nolabaiteko normaltasunera itzuli nahian. Baina gogoan dugu emaitza zein izan zen ere: ez al ziren orduantxe hasi baheketa masiboak ohitura bihurtzen?

Urtebete joan da orduz gero, eta, bitarte horretan, egunez egun egokitu behar izan dugu gure bizimodua arau berrietara, eta, txarrenari ere onena aterata, gaitasun berriak ere garatu ditugu: maskarapean ezkutatuta pasatu dugu urtea, baina, halabeharrez, begiekin hitz egiten eta begiradak ulertzen ikasi dugu; lagunak terrazaren batean elkartu ahal izateko, eskola garaian ikasitako matematika taulak sekula baino bizkorrago errepasatu ditugu; herritik irten gabe, mugarriz mugarri, turista gisa ibiltzeko gai izan gara, bai eta herriko altxorrak aurkitzeko ere; metro eta erdiko segurtasun distantzia begi hutsez neurtzeko abilezia landu dugu...

Gaitz batek ekarri gaitu gaur egun gauden egoerara, eta, ezinbestean, osasunak garrantzi handia hartu du guztion egunerokoan. Egunez egun, ingurukoen osasunaz kezkatzen ikasi dugu, "zer moduz?" benetan galdetzen, eta geure burua zaintzen ahalegindu gara, gehienbat maite ditugunak zaintzeko, nahiz eta badirudien txertoa iritsi denetik geure zilborrari bakarrik begiratu eta urratsez urrats ikasitako guztia desikasi nahian gabiltzala.

Segur aski, ez da erabat egia izango, baina telebistako iragarki batek zioen ohitura osasungarriak geureganatzeko nahikoak direla 21 egun: hiru astez geure burua zerbait egitera behartuz gero, 22. egunetik aurrera natural aterako zaigula. Urte eta erdi pasatu dugu jada araurik arau, aurrean jarritako guztira egokitzen. Teoriaren arabera, nahikoa denbora gure bizitzetan egindako aldaketak ohitura bihurtu eta egunerokoan natural aplikatzeko.

Azpeitiak badu ohiturei eusten dien herriaren fama, usadioak belaunaldiz belaunaldi transmititzeko joera. Urtebete falta da datozen saninazioetarako, 365 egun inguru oraindik ere ikasten jarraitzeko, bai norbanako gisa, eta bai gizarte gisa, baina hemendik urtebetera Uztarriak eskaini didan leihotxo honetara gerturatzean gustura kontatuko nuke halabeharrez ikasitako jokaera on guztiak ohitura bilakatuak ditugula dagoeneko, eta horri esker gai izan garela gure ohituretara itzuli eta olatu arroxen hotsa maskor hutsetatik atera eta kaleetan entzuteko.