Marea Blonda

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Segurola 2019ko uzt. 25a, 13:15

Iñaki Segurolak Urola Kostako Hitza egunkariaren 'Puntuka' atalean idatzitako iritzi artikulua da honako hau:

Ze inbentu-klase dira "festak"? Herri bateko festa nagusiak, esan nahi dut. Nere irudipena da ganadu-ferietatik datozela asko (sanferminak "Iruñeko feriak" ziren berez), eta botereak (politikoak eta erlijiozkoak) bere burua ohoratzeko eta, bide batez, herri obeditzailea hondatzeko, ahultzeko eta pobretzeko eginkizuna dutela festa nagusi
hauek.

Herri ez-obeditzaileak, berriz, beti jakin izan du festak kalterako direla, festa nagusiak “nagusien festak” direla (nagusien mundua gizentzekoak), eta festak pasatzeko direla, baina bere esanahi oinarrizkoenean; hau da: “ondo pasau”-k esan nahi duela horixe: pasatzea, lehenbailehen pasatzea eta “hobe bai pasata baleude!”, txikitatik zaharragoei aditu izan diegun bezala. Ez da pentsatu behar, ordea, zaharren kontua bakarrik denik hori. Zenbat jendek, festetan ezer erakusteko edo irabazteko ez daukan zenbat jendek maite ditu benetan bere herriko festa nagusiak? Utzi alde batera alkate, zinegotzi, ahaldun, lehendakari, gotzain, kamello, tabernari, txosnero, taurino fatxa-tankerakoak edo animalista histerikoak; utzi alde batera “herri hau oso festazalea dela” sinesten duten herritar txintxoak (ez dute ulertzen horrek esan nahi duena dela herria “oso lanzalea” izatea nahi luketela, eguntxo batzuen etenarekin); utzi alde batera entretenigarrien industriatik eta aisialdiko haixealditik bizimodua ateratzen dutenak; utzi alde batera, gaxteak: haiek irabazi ez dakit, baina erakutsi bai, izugarrizko erakutsi-beharra edukitzea tokatzen zaie askotxori, eta bereziki hauxe: badirela zeozer eta badutela leku bat merkatu edo sailkapen parrandero eta/edo sexualean. Eta gero umeak datoz, eta horrek barraketara garamatza, umeen ustezko zorionera, non ikasten duten gauza ona dagoela zarata haundia eta argi asko eta makina haundiak dauden tokian, eta sentsazio bortitzak eta aztoratzekoak direla biziaren xaltxa, eta gauza on horiek denak diruz erosten direla. Barrakak inbentu naxkante bat dira eta haien egitekoa da, funtsean, Askotasun Aztoragarriaren sistema honetan umeak trebatzea eta dotrinatzea.

Jarraitu irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.