Kafeta

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Segurola 2019ko mar. 21a, 11:18

Gaur, martxoak 21, Urola Kostako Hitza egunkarian, Puntuka atalean, Iñaki Segurolak argitaratutako iritzi artikulua da honako hau:

Munduak buelta asko ematen ditu, eta denak alde batera, baina gure munduak edo biziak ez, zorionez; ez beti alde jakinekora. Adibidez: zeinek esan behar zidan neri Egañanien gustura sentituko nintzela, eta gero-eta gusturago gainera? (Oharra erbestekoentzat: leku hori da herriko gozotegi ofiziala; herri askok daukate berea).

Esan beharrik ez dago leku horrek atzerakada izugarria eman izan digula oraintsu arte, eta arrazoia da… atsofobia! Bai, jaun-andreak: asuntoa mila bider buruan pasa eta iruditzen zait misoginia orokortuaren atal aluena dela atsofobia, eta fobia horrek eduki gaituela gozotegi edo tegi gozoetatik urruti. Neri gertatu zaidana da konturatzea atsozalea naizela, atxo xaharren zalea oso, eta armairutik atera naizela. Baina bereizi beharra dago: 70 urtera bitartekoak edo ingurukoak ez ditut oso gogoko (eta ez ahoko zulotik erdara ez-gozoa darielako bakarrik, ez horixe!; hor neu ere banaiz pixkat misoginoa), baina bai 80 urte ingurukoak eta hortik aurrerakoak: haiekin (ez-sexualki) maitemindua bezala sentitzen naiz. Agure asko ere maitagarriak dira, baina askoz gutxiago: gizonezkoak oso tonto-harroak gara izatez eta, zahartzearekin, harrokeriak galdu eta erdi-tontotuak eta gixaixotuak gelditu ohi gara, eta atxo-jende hori, berriz, zahartzera egiten da erdi-sorgin edo sorgin-eta-erdi bihurtu, eta hori askozaz ere gustagarriagoa egiten zait.

Jarraitu irakurtzen Urola Kostako Hitzaren atarian.