Koska bat edo bi

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Segurola 2019ko ots. 21a, 11:32

Iñaki Segurolak Urola Kostako Hitza egunkariko aste honetako Puntuka atalean idatzitako iritzi artikulua da honako hau:

"Aldi dohatsu hartan jendea jendearekin egoten zen, eta jendeak jendearekin egiten zituen gauzak, baina egun batean haietako bat petraldu egin zen eta besteak baino koska bat edo bi gorago jarri eta esan zien beste guztiei: 'nik badakit zeozer zuek ez dakizuena', eta jendeak elkarrekin egoteari eta egiteari utzi, eta zekienari begira jarri ziren". Hauxe da gaurko asuntoaren hasiera, era mitiko batean ("azkar eta ondo") adierazirik, eta asuntoaren bukaera da gure gaurko bizimoduaren zati haundi bat aspalditik dagoela bihurtua ekitalditik ekitaldirako ibilera bat. Ekitaldi batean (batzar batean ez bezala) bakarren bat koska bat edo bi gorago jartzen da, eta "jendaurrean" jartzen da, hau da, jendearen aurrean, eta halaber jartzen da, nahiz-eta ez hola esan, "jendaurretik", hau da, jendearen aurretik, eta hala, jendea jendearekin egon eta zeozer egin beharrean, egoten da beti jendaurrean jarri denari begira eta adi. Beti ez bada gehienean; edo askotan eta gehiegitan.

"Nik badakit zeozer zuek ez dakizuena". Jakintsu eta aditu-pasea etengabekoa da zeru-azpi hauetan. Tokian tokiko jendeak bizi izan duenaren gainetik dago beti dakienaren iritzi jakintsua. Herriaren desjabetze erabatekoaren aurpegi bat da herri-jakinduriaren eta eskarmentu partekatuaren desjabetze eta gutxiespena. Berdin da ekitaldi batean droga zikinaz tratatu edo espiritualitate garbiaz; jaiotzeaz edo hiltzeaz; ustelkeriaz edo putakeriaz; ahalduntzeaz edo euskalduntzeaz. Koska bat edo bi gorago jarria dagoenaren ahotsa gailenduko zaio beti jendearenari. Ez batzuetan, ez askotan: beti! Ahazturik zeharo herri-esaerak dioena: "letraduak badaki: probatuak hobeki".

Jarraitu irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.