Abitainen

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Segurola 2018ko aza. 22a, 13:25

Gaur, azaroak 22, Urola Kostako Hitza egunkarian, Puntuka atalean, argitaratutako iritzi artikulua da honako hau.

Zer egiten dugu hildakoekin? Galdera metafisiko-erlijiozkoa al da hori? Ez da ba politikoa izango? Nere etorkizuna hori al da? Ni hildako bat izango al naiz? Hildako hura "ni" izango al naiz (tanatorioan tuneatua, adibidez)? Azaroko galderak dira, hilerriak loreberritzen diren garaikoak.

Eta gerora… zer da hildako bat? Itzal bat?, argi bat?, arima bat? Hitzegin behar diegu?, hitzegiten digute? Guk geuk izan behar dugu tratua haiekin ala bitartekari (medium) bati ordainduta? Gogoan izan behar ditugu ala pake-pakean utzi? Gauza asko egin dira mundu zabalean hildakoek hilda egoteko daukaten betebehar hori urratzeko edo arintzeko (nekrofilia ere ez da ahaztekoa), harik-eta Zientzia (boterearen jakintza) gailendu eta erabaki zuten arte "dena ezereza dela" eta uzteko txorakeria horiek. Baina nik dena eta ezereza bezalako mamuekin ez dut etsitzen (guztia ez delako "dena", baizik-eta "dena eta ez dena"; hau luzeegia da esplikatzeko), eta orduan gelditzen naiz galdezka ume baten umildade garbiarekin: "non daude hildakoak?"

Eta ez dago erantzunik. Eta biziaz edo bizitzaz zer esan ez dakigunean bizimoduaz hitzegiten dugun bezala, hemen ere hiltzeaz eta hilda egoteaz nola ez daukagun ezer taxuzkorik esateko, ba hilerriaz hitzegingo dugu: hilen herriaz edo gizarteaz.

Eta hilerrian klaseak daude. Heriotzak denak berdintzen dituela esan ohi da, demokratikoa dela, komunista dela eta abar, baina ez dago itxura haundirik. Gure modukoen hildakoak hilobitxoetan kabitzen dira, baina panteoidunak dira han nabarmenenak, eta haiek lirateke hilerriko aberatsak, burgesia, klase menderatzailea edo dena delakoa. Beren eta besteren heriotzaren jabeak diruditenak. Familia de Damaso Azcue / Guibert / Arteche / Aguirre / Alcorta...; Ucin Sendia / Uria Mendizabal / Otamendi Arocena... eta beste mordoska bat. Atentzioa ematen dute bereziki jabetasunaren laineza harro hori lotsarik gabe erakusten duten panteoi berezi batzuetan ageri diren hitzek: Propiedad de Pedro Perez Echeverria / de D. Miguel Castiella / de Acilona, eta denetan haundiena, berriz, irudian ikusten den horixe: Propiedad a perpetuidad. Ikaragarri hitz gogorrak dira hilerri baterako: beren heriotzaren jabe ez ezik, beren denboraren edo beren eternitatearen jabe agertu nahi luketela dirudi.

Jarraitu irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.