Ez beti da ez

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Segurola 2018ko ira. 27a, 14:15

Gaur, irailak 27, Urola Kostako Hitza egunkarian, Puntuka atalean, argitaratutako iritzi artikulua da honako hau.

Hemen, gaur egunean, gauza asko barkatzen dira: txofertzeko karnetik gabe bizitzea, abstentzionista militantea izatea barkatzen dira, barkatu zaizkit; barkatzen da orientazio sexuala aldatzea, orientazio politiko edo morala aldatzea ere bai; sexua eta hankartea bera aldatzea barkatzen da, jateko era aldatu eta beganotzea edo desbeganotzea ere hortxe nonbait, eta abar. Hemen nekez barkatzen dena da ez edatea, eta inola ere barkatzen ez dena da edateari uztea "arrazoirik gabe": gaixo egon gabe, kirolari bigorexikoa izan gabe edo musulmana izan gabe.

Nerabexaroan edaten ikasi genuen bezala, esan orain desikasi edo desohitu egin naizela, eta alferrik da; esan zurrutean nuen fedea galdu egin dudala, eta berdin; edo gustua aldatu zaidala, edo ez dudala behar, edo… dena alferrik da. Esan izan dut "edale pasiboa" naizela ere, eta ez da zeharoko gezurra, zeren gertatzen baita mozkor giroa edo lurruna edo dena delakoarekin txoro-haize moduko bat itsastea tantarik probatu ez duenari ere, baina hori ere alferrik da. Zurrutak gixondu egin gintuen nerabexaroan, eta zurruta (era sistematiko batean bederen) bazterrera uzteak desgizondu egiten gaitu, despertsonatu kasik, eta mutante nazkante bihurtu edaleentzat; hau da: gizarte normalarentzat. Edateari utzitako jendearekin ez dela fidatu behar aditu nuen lehengo batean, eta ez da harritzekoa, zeren hemen dena “normal” egiten duen gizabanakoa baita fidatzekoa.

Jarraitu irakurtzen Urola Kostako Hitzaren atarian.