Azpeitiko badiatik

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Segurola 2018ko urt. 11a, 12:00

Gaur, urtarrilak 11, Urola Kostako Hitza egunkarian, Puntuka atalean, argitaratutako iritzi artikulua da honako hau.

Nere gogoenean edo mundualdian hiru izan dira estatuak fusilatutako herritarrak: Otaegi 1975ean, eta Aizpuru eta Isart 1984an. Aurreneko hura agerian edo aitortuta, eta beste biak ezkutuan eta gezurpean. Gezur hori argitzeko saio askotxo egin dira urteetan, eta azkena Pasaiako badia izeneko dokumentala.

Ni 1975ean mutikoskorra nintzen eta artean "gutarrek" egindako guztiaren alde egoten nintzen; 1984rako galdua nuen zeharo "borroka armatuan" noizbait izandako uste ona, eta iruditzen zitzaidan funtsean jarduera horren ondorio politiko nagusia zela onak (zapalduak) txartzea eta txarrak (zapaltzaileak) ontzea; eta ahulak ahaldundu bezala egiten zituela aurrenean, baina indartsua indartu besterik ez zuela egiten azkenean. Baina horrek ez digu gaur inporta: estatuaren praktika hiltzaileaz ari gara, eta ez estatuak hildako horiek egin zutenaz.

Inporta duena da estatuak, edozein estatuk, hil egiten duela edo egin dezakeela, legearen barruan edo bazterretan, agerian edo ezkutuan, eta horrek negarra zabaltzen duela herriaren bihotzetan, gure bihotzetan, eta... bai, barkatu beharko didazue 'herriaren bihotza' eta 'negarra' aitatzea, e?!: badakit askotxorentzat hola hitzegitea ez dela egokia eta ez dela balekoa ere; askotxorentzat edo, hobeto esanda, gizontxo askorentzat, hau politika da, eta politika iraultzailea da, eta hizkuntza lehor-gogorrean hitzegin behar da, eta jarrera lehor-gogorrak erakutsi, eta abar luze, gogor eta bihotz-gogor bat.

Jarraitu iritzi artikulua irakurtzen, Urola Kostako Hitzaren webgunean.