Paulosestotik

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Segurola 2017ko ots. 2a, 16:07

Hemen plazari Plazie esaten diogu; eta goragoko kaleari Goiko kalie; eta elizaraino doanari Elizkalie, eta hola. Bai gauza garbia eta erraza, ezta? Eta Errebala, Artzubiye edo Astoteye ere garbiak dira, edo ziren behintzat. Izen horiek herriak edo jendeak jarriak dira, eta zerbait esaten dute lekuaren gainean. Kaleko leku-izen ofizial gehienak, ordea, ez dira herri-jendeak jarriak, baizik-eta agintariek edo haiek izendatutako jakintsu eta adituek, eta izen ofizial horietako asko izen ohoragarriak izan ohi dira: Gizon Haundiak eta Ideia Onak, besteak beste. Izen horiek, jakina, ez dute deus ikustekorik lekuarekin eta ez dute hartaz ezer esaten; ezizen ohoragarri batzuk dira, baina ez dute kalea ohoratzen, baizik-eta kale-izenaren jabe dena.

Maiz etorri ohi zait gogora neure mundualdi honetan egin dudan bidea izan dela, tarteko erbestealdiak alde batera lagata, Artzubitik Paulosestora bitartean dagoen horixe (jaio nintzen lekutik orain bizi naizenera), eta horretaraxe biltzen dela nere biografia edo lekugrafia. Baina gaur nabarmentzea inporta didana da beste era bateko koska ere badagoela leku batetik bestera: gure etxe zaharretik bertan zegoen zubi bat harriz egina (Artzubiko zubiye deitzen dioguna, zubi bitan esanez), baina oraingo bizilekuan ez dago kristauen sektaburu izateko Paulo VI ezizena aukeratu zuen Montini jaunaren arrastorik txikiena ere, eta ez da sekula egon. Herriaren izena da bata; agintariena da bestea, eta beraz, aldrebesa, tontoa eta moda gailenaren araberakoa, agintariek egindako gauza guztiak bezala.

Jarraitu irakurtzen Urola Kostako Hitza-ren webgunean.