Bakardadearen Mahaia

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Segurola 2016ko ira. 8a, 17:29

Ume-galderak egiten ez zait ahaztu, eta horregatik galdetzen dut gaur zergatik diren guretzat pobrezia edo analfabetismoa arazo sozialak, eta bakardadea ez. Bo, zaharren bakardadea edo umezurtzena bai beharbada, baina tarteko guztiena ez. Galdetzen dut zergatik dagoen etxez-etxeko laguntza hankak moztu dizkiotenarentzat, eta ez bakardadeak janda dagoenarentzat. Galdetzen dut, jan-edana eta "afektibitatea" baldin badira pertsonaren beharrik garrantzizkoenak, zergatik, adibidez, inork ez liokeen parre egingo gosea pasatzen ari denari, baina adarra lasai jotzen zaion txortan egiten ez duenari.

Dakidana da lehenagoko garaietan beste sentiberatasun bat zeukala jendeak gaitz edo izurri honekin. Adibidez, hemen esan nezake nola gelditu zen gure ama zena "munduan bakarrik" nahiko gazterik. Etxe-jabeak aldamenean bizi ziren, eta tarteko pareta puska bat bota eta holaxe eragotzi zen gure ama bihurtuko zen neska hura bakarrik bizitzea. Holako kasuak askotxo omen ziren garai batean. Gaur ez: mundu aurreratuan, Askotasunaren paradisuan, bakardadearen izurria arazo pribatu eta pertsonal hutsa da.

Bakardadearen asunto honetan, eta oro har afektibitatearen merkatuan, ahal duenak ahal duena egiten du eta ezin duena izorratu egiten da. Horri politikan neoliberalismoa edo kapitalismo basatia esaten zaio, baina beste ixtori honetan "gauzak halaxe dira" besterik gabe eta naturalki. Bakardadea zakartu eta minbizi bihurtzen denean edo psikozoramen zatar batera jotzen duenean, orduan bihurtzen da "tratatzeko" modukoa, eta tratatu egiten da, eta jeneralean oso gaizki. Hauxe da bakardadearen panorama Askotasunaren munduan. Ni neu Askotasunera iritsi gabeko paraje "azpigaratuetan" etxe-barruko intimitaterik sekula ezagutu ez duen jendearen inbiritan bizi naiz.

Jarraitu artikulua irakurtzen Urola Kostako Hitza-ren webgunean.