Nik baserritarra izan nahi nuen

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Segurola 2015ko aza. 19a, 13:31

Umetan Arantzeta izan nahi nuen, edo Eperzelaite, Koostite, Urreta, Odria, Trekusaletxe edo holakoren bat. Eta ez nintzen ezer. Izen-deitura ofizial lehor batzuk bakarrik neuzkan.

Mundua Azpeitia zenean eta ez besterik, ni Artzubiko (eta gero Paulosestoko) kale-etxe trixte bateko umea nintzen, eta hori gutxitxo zen orduan neretzat, zeren jende askok baserria baitzeukan, aitaren edo amaren jaiotetxea, edo attitte-amamana, eta nik baterez. Moztade haundia zen hori, sinistuta bainengoen paradisua zela baserria. Nik uste nuen baserrian bizitzea zela etxe-etxe batean bizitzea, mendian, libre, eta hango eginkizun nagusia zela zaldi-gainean ibiltzea eta gosetutakoan arbolatik sagarra hartu eta jatea.

Baserritarrak ni baino gehiago zirela sentitzen nuen garbi-garbi. Indarrez gehiago ziren, eta ausartagoak ere baziren jeneralean. Hizketa pixkat diferentea egiten zuten, eta S sendo bat ahoskatzen zuten askok, Azpeitiko kale-umeok ez bezalako dotoreziarekin. Animalien berri bazekiten, eta, hedaduraz, giza-animalien gauza ezkutu askotxoren berri ere bai; txoriak eta arbolak ere ederki ezagutzen zituzten, eta batzuek usaina ere izaten zuten guk ez bezalakoa, eta neri usain hura biziaren usaina zela iruditzen zitzaidan. Maite nuen baserriko giza-piura haien artean sentitzea, haien mendi-kolore eder hura begiztatzea, haien oihu bero haiek aditzea… bereziki hilaren hirugarren asteazkeneko perian eta plazatoroseko apustuetan, aizkora eta harri-jasotzekoetan.

Irakurri artikulu osoa, Urola Kostako Hitza-ren webgunean.