"Extinct"

Erabiltzailearen aurpegia da hau Iñaki Segurola | Iritzia
2015ko api. 9a, 09:19

Iñaki Segurola azpeitiar filologo eta idazleak 31 eskutik blogean idatzitako iritzi artikulua da hurrengoa.

Neu ere idatzia nago inoiz euskara gure hau "ezin hilez dagoela bizirik". Edo, zeharoko hizkuntza hila ez bada ere, badela "hizkuntza bukatua". Edo hizkuntza batua edo batu-gurakoa ez ezik, hizkuntza "artxibatua" ere badela. Eta horiek denak hizkuntza gogoan dudala bota ditut nik gehienbat, oraindik erdi-bizirik dagoen tokietako hizkuntza gorria gogoan dudala, huraxe baita neri zinez inporta didana, eta ez letrakuntza edo kulturmunduko deshizkuntza zuri hau.

Goian aitatutako esan-modu horiezaz gainera, orain gehi nezake gure mintzo hau "hats-bizi" dela, garai batean esaten zuten moduan, eta esate horrek ederki uztartzen ditu bere baitan hizkuntzaren bizi ezina eta osotara hil ezina. Duvoisinek adieraziko digu zer esan nahi zuen hats-bizi horrek: "qui n’a plus que le souffle… hats-bizi da, il respire encore"; "doi doia hats-bizi da, il a à peine le souffle".

Eta Axular batek ere sentitu zuen aspaldi euskara "ahalke dela, arrotz dela, eztela iendartean ausart, entregu, bithore eta ez trebe". Eta beste asko mintzatu dira holatsu, eta atsekabez mintzatu dira, eta gara, eta ia ez dugu nabarmendu behar izan atsekabez mintzo ginela, zeren euskaraz ari baikinen, "barrutik" ari baikinen, eta beraz ezinak eta muzinak hartuak baitezpada.

Baina erori zait eskuetaraino Ibon Sarasola, gorazarre liburua (EHU 2015), eta han, 319. orrialdetik atzera, José Ignacio Hualde unibertsitateko ikertzailearen honako artikulu hau irakurtzen da: "Basque as an extinct language". Eta ezin irentsi, aizue! Baina, bihotzondokoak utzi eta gogoetatzen hasita, ez al du ba Hualdek esaten beste askok esan duten eta dugun gauza bera edo bertsua? Bai eta ez, eta hortxe dago koska: guk ezjakinok, edo geure burua ezjakintzea maite dugunok, ez dugu uste "beste hitz batzuekin" gauza bera esan daitekeenik (eta jabetzen naiz itzultzaileen biltoki batean hau esatea bekatu haundia dena); ez bide dugu sinesten errealitate betean eta informazio hutsean, edo auskalo, baina Hualderen artikuluaren titulua bera ezin irentsia da guretzat.

Illinois-ko ezlekutik idazten du Hualdek, Urbana-Champaign izeneko bazter batetik. Eta bai, horiek ezlekuak eta bazterrak dira euskararentzat, baina ez munduaren gobernamenduarentzat, eta hargatik baliteke haren esanak beste karga edo astuntasun bat izatea guretzat. Eta darabilen hizkuntza ere ez da bazterrekoa munduarentzat, eta darabilen mintzamoldea ere ez, zeren unibertsitateko ikertzaileen hizkuntza bihozgabea baitarabil halabeharrez, burutsua bezain bihozgabea, edo, Wittgensteinen erara esanik, hizkuntza tonto-hotza. "My approach is simply to expose the facts without judging", dio berak. Eta hala, euskara hizkuntza "extinct" edo itzali-akitu-agortua ote den hotz-hotzean aztertzea gauza "interesgarria" (sic) da harentzat: "it may be interesting to consider whether there is some sense in which the language has become or is becoming extinct in spite of the growing number of people who can speak it". Iruditzen zait "kanpotik" jardute horrek, batere gupidarik gabe eta epai objektibo edo zientifiko baten eran "extinct" minberagarri hori bota izanak bihurtzen dutela Hualderen jarduna gure barruentzat ezin irentsia; eta minberagarria ez ezik, iraingarri edo laidogarria ere gertatzen da guretzat "extinct" hori. Extinct language: jakintza boteretsuak edo botere jakintsuak euskararen gainera egotzitako izendapen kondenatzaile bat dirudi, etsi-emailea eta errematekoa.

Gainerakoan, hor esaten dituen gauza askotxo dira argigarriak eta gogoan hartzeko modukoak. Euskaldun elebakarren galeraz edo elebitasunaren kalteaz, adibidez: "When a language has no monolingual speakers, it has ceased to function as an independent linguistic system. Subordination to another language is, of course, greater when most of its speakers are non only bilingual but tend to be dominant in another language".

Edo hizkuntzak gauza berriak sortzeko edo bere gisa aldatzeko duen zailtasunaz edo ezinaz: "To the extent that we find a serious curtailment of the creative capacity of the language in giving rise to new expressions and shifting the meaning of words, independently of developments of other languages, I think it is appropriate to speak of extinction". Eta aurrerago: "In the present situation Basque may have lost all vitality that could lead to the development of new non-borrowed expressions or new independent phonological phenomena. In this sense, the Basque language is in a state of semi-extinction in some specific areas where it is subordinated to other languages (Spanish or French) that serve as its sources of innovation".

Estatistikako zenbakietan oinarritutako kontsolamendu motz batekin uzten gaitu Hualdek bere artikuluaren azkenean: "This extinction of its linguistic structures is compensed by the success of its social revitalization". Kontsolamendu motza, hotza eta gorotza: euskahaldun galkorrak eta euskezindun ugalkorrak batera kontatzetik heldu dena.

"Extinct"? Etsi-etsian, bai; etsirik gabe, ez eta ez!

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu