Izana, egina

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Segurola 2014ko mai. 13a, 12:01

Iñaki Segurola azpeitiar filologo eta idazleak 31 eskutik blogean idatzitako iritzi artikulua da hurrengoa.

Gaurkoan behera-behar batek egiten dit bultza. Jaits nadin, beraz, benetako hizkuntzara. Utz dezagun letrakuntza eta gatozen hizkuntzara. Utzi kulturmundua, fedabideak, irakaskuntza, itzulpena bera, inderneta, literatura eta ideia potoloen mundua, eta… zer dago azpian?, zer dago benetan? Ba, euskaltzaleek "arnasgune" deitzen dituzten horiek arnasmehetzen (salbuespentxoak salbuespentxo) eta, gainerakoan, betiko itogune erraldoia. Horixe dago azpian, horixe dago benetan, hizkuntzan. Letrakuntzan gertatu da aurrerapena hemen, eta horrek eraman du jende mordoa sinistera euskara "sekula baino hobeto" dagoela. Letrakuntzari bakarrik dagokion irudipen gezurrezkoa besterik ez da hori. (Letrakuntza idor horren barruan sartuko nuke "erabilerarik gabeko ezagutza", edo, bestela esanda, egiterik gabeko jakite hila.)

Bestalde, baina zuztar beretik, bizimoduan aldaketa latza gertatu da azkenengo hamarkada hauetan. Kaleko bizimodua murriztu eta nik "etxezuloko pantallismoa" irizten diodan hori gailendu da oso. Horrek dakarrena da arnasgunerik garbienean ere begi-belarrietatik sartzen den gehiena erdara izatea. Eta begi-belarrietatik mihiraino tarte motza dago, denok dakigunez.

Nik esango nuke euskararen bazterketa bortxazkoa nabarmen arindu denean (euskarazko eremuaren erdi-mendebaldean bereziki), “euskararen gezurra” ari dela agerian gelditzen. Gauzak nolabait adierazi behar, eta "Lekeitio erako" eta "Agurain erako" herriak bereiziko ditut. Aurreneko horietan iruditzen zait izanak hartu diola gaina eginari; bagara, ez dago dudarik bagarela, eta orduan zertarako "nekatu" egiten, errazena pantalletatik sartzen zaidan hizkuntza horren magalean etzatea dela sentitzen baldin badut? Eta hor gertatzen ari dena da behera datorrela euskara, gehienbat helduen artean, hots, pantallei begiratuz beren bizi-zaputz edo eroriera esistentzialari ez-ikusiarena egin nahi liokeen jende-moduaren artean. Bigarren erako herrietan askok ez daukate garbi zer diren, ez dago garbi badiren edo ez diren, hizkuntzaren galera aspaldikoa baita, eta orduan, izanean sendotzeko, zer dago hoberik euskaraz ikasi eta egitea baino? Eta hor gora egiten ari da euskara; inongoa ez den eta ia edonorena izan daitekeen euskara hori, bai, baina euskara, azken buruan. Bi era horietako herrietan gertatzen ari denaren muina edo emaitza honako hau da: ez dakitenak ari dira ikasten euskara, dakitenek lasai utz dezaten bazterrera.

Izanaren edo izatezko segurantzia horren kalteak nahi nituzke bereziki astindu. Eta ertzerainoko paradoxa bat dakart lagungarri: maiz pentsatu izan dut hemen jende asko egon dela guardozobilak hiltzeko prest (ni ez), baina inork ez duela koskorrik izan guardozobilei euskaraz egiteko (nik ere ez). Hiltzeko prest, eta azioan norbera hila gelditzeko prest; eta zerk eman dezake horretarako prest egoteak baino izan-izatezko segurantzia beteagorik? (Jarduera armadun edo estrategia odol-malkozkoaren aldekoa izan den mundu horren bi agerkari idatzizko nagusiek Gara eta Naiz dute izena, eta biak dira funtsean erdaldunak. Esanguratsua, ezta? Bai, badakit Egin itxi egin zietela, baina, halaz guztiz ere, irudipena daukat oraingo izen horiek maiteagoak edo bereagoak dituztela.)

Beste paradoxa edo ulertu-ezin bat nere moduko jendearentzat, "azpeitiar/ondarrutar erako" jendearentzat, nolazpait esateko: ezin ulertu edo irentsi izan dugu sekula santan euskaraz hasteko edo segitzeko zenbaterainoko izua, larria edo ezina jartzen dien askori –gehienei, ia denei– erdaldun huts baten presentzia hutsak. Ezin jasana eta ezin ulertua da guretzat, eta ertzeraino noa ostera argi bila: ezagutu izan dut "Euskal Herriaren alde" bizia kendu eta galtzeko prest egon bai baina erdaldun bakar bategatik euskaraz mintzatzen ausartzen ez den jendea. Nola liteke hori? Nola esplikatzen zaio hori kanpoko bati edo geure barruari berari?

Nere ustez, ez dago esplikaziorik; edo badago, baina horretarako jabetu beharra dago hemengo euskararen asunto hau kontua eta gezurra dela erdia-pasa. Eta euskara benetako hizkuntza bezala harturik diot, ez letrakuntzarako edo ideia potoloetarako aitzakia gisa.

Hizkuntza batentzat onak izan daitezke izana, izan-beharra edo izangura, baina txarrak ere bai, eta txar-txarrak ere bai. Eginak eta egingurak garamatzate gu izatezko segurantzian etzanak daudenen ohatzea eginahalean astintzera.