Mina

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Segurola 2014ko mar. 12a, 12:17

Iñaki Segurola azpeitiar filologo eta idazleak 31 eskutik blogean idatzitako iritzi artikulua da hurrengoa.

Esan nezake oraintxe pare bat urte hasi zela neretzat zure etena, eta orain erabateko desarmatzea etorri zaizula; desarmatzea eta desegitea, itxuraz behintzat. (Hau fedabideetako hizkuntza da; ez da gurea.)

Esan nezake bi gune pneumonikok (p- eta guzti, zatarkiago eman dezan) astindu zaituztela, eta shock septikoak eraitsi, baina horiek ere ez dira gure ahorako egiten diren hitzak.

Esan nezake ezinak menderatu ondorengo herio hartan munduaren kontra atzaparka batean ikusi zaitudala; tapaki, kable, galtzeta eta harrapatutako guztiak gainetik kendu nahian eta ezinean. Munduaren kontrako amorru bat Larrialdietan eta Susperketan. (Hau nere hizkuntza da; ez dakit zer zebilen zure gogo-bihotz erorietan.)

Aitor nezake elkarri emandako azkenengo musua oso tristea izan dela, bion ezpainen artean plastikoa baitzegoen; oxigenoa deritzana edo arnasaren lagungarri plastikozkoa. «Ezin det ezer eiñ»: horiexek, berriz, zure azkenengo hitzak, guk ulertzeko moduko azkenengo hitzak. (Hau edozeinen hizkuntza da, nik uste.)

Esan nezake –askok esan dutena– betiko loan etzan zarela, edo bestela –beste askok uste dutena– zure jaungoiko haundi horren aurrera agertu izango zarela, zeure txikian. Horrexen zain bizi zinen, eta zure fede horri zor zaio hemen leku bat.

Esan nezake… ez: hau ez dago esaterik; hau idatzi bakarrik egin liteke:

Maria Luisa Amutxastegi (Hondarribia 1927 / Azpeitia 2014)

Baina ez; informazioa da hori: maskarak, egutegiak, mapak. Hori ez da egia, zeren egia ez baita hori.

Esan dezaket zure agonian, bizi-heriotzen borroka horretan, zure izter-artera begira gelditzen nintzela sarri, pentsatuz bezala hortik atera zela amazulo hau, euskaltzulo hau, eta zuk egin ninduzula zulo. ("Zuk egin ninduzula zulo!": ez dakit zer diodan, baina baneki ere ezin esana litzateke.) Eta orobat esan dezaket deabrutxo ere egin ninduzula: zure fedearen haundiegiak utzi bide ninduela ni ezertan sinisteko ezindua bezala. Eta hau psikoanalisi merkea izango da beharbada, baina ezin segurtatu dit inork psikoanalisi garestia baino eskasagoa denik nahitaez.

Bo, esan dezadan garbi: ezin dut sinistu eta ez dut sinisten medikuen, ehorzleen eta burokraziaren bertsiorik. Ez dut sinisten eta, mundutik ihesi, hizkuntzara nator. Sinistu ezean, argitu egin nahi dut asuntoa hementxe, itzultzaile euskaldunen begiratoki honetan. Eta argitu nahi dut hizkuntzaren eta hitzen argira joz, itzuli ezineko hitzetara joz. Eta horregatik hitz egin nahi dizut minaren gainean eta gure min hitzaren gainean eta azpian. Zer egin nezake bestela? Hitzen historia kontatzetik ateratzen dut bizimodua, badakizu, edo bazenekien.

Mina biziaren ahaide hurkoa da. Begira edo entzun nola den mina, funtsean, gogoa edo guraria: Axular haren ikhus min handi batekin, Bordel zure mina dudala; baina gizakion gogo horrek galera edo ezina ditu oso bertan: Etxepareharen minez orai nago ezin hilez bizirik, Lazarraga ni aren minez ilten ninzan; eta oinazea edo gaitza bera ere adieraz ditzake: Oihenart ezta sentheria bano min gaitzagorik. Eta gauza mina gauza mikatza da, biziegia, pipertuegia, piperminduegia: Axular iustizia min da eta garratz.

Ez dago bizirik minik gabe, gogorik edo guraririk gabe. Baina min horrek, gogo horrek, oso aise har ditzake galeraren, ezinaren, gaitzaren eta oinazearen koloreak gure baitan. Biziari eusten dion edo biziak berekin duen min hori aise da mintzen eta biziegitzen; eta txartzen, gaiztotzen, mikazten, zakartzen eta zitaltzen. Biziak berekin duen zera horrek berorrek du bizia galtzen. Minaren minegiak eta biziaren biziegiak kentzen dute azkenerako arnasa bera. (Minbiziari leku batzuetan bizia edo biziena esan izan zaio huts-hutsik; hortik atera kontuak.)

Ez dut deus asmatu. Hizkuntzak berak nakar honaino. Sinistu ezean, hauxe nahi nuen argitu.

Baina, mundura itzuliz, munduaren gezur-itxuretara itzuliz, esan beharra daukat zure erabateko armagabetzeak gure erabateko amagabetzea ekarri duela.

Eta baet ordue nere benetako hizkuntzen hitzeiteko; ezin leizke azkenengo hitzek e plastikozkuk izen. Euskerazko periodikue letze zendun, ta euskerazko rebixtek, ta liburuk e bai…; ez: zurie etzan normala, zure edadeako etzala oso normala esan nahi nuke; izene, eskola pusket e bazendun, pianue re jotze zendun txikiten, “bizi ziñetenin”, gerrie irabazi zebenak dana kentzea etorri zin arte, baño ixo: gauze bat bakarrik, ta da oiñ premiye sentitzetela… nere biyotzak, begiyek eta belarriyek premiye sentitzebela periodikun euskera batun jarri gendun esaldiye neure era jartzeko hamentxe:

Zure barrun eon giñen;
gure barrun zaude oiñ.

Esanda gelditzea.
Aio ama!