Iritzia

Hementxe dala

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Amiano 2022ko api. 5a, 08:42

Imanol Amianok 2022ko martxoko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Libratuko ginela ere pentsatuta nengoen, Van Gaal olerkariak errezitatzen zuen bezala, "siempre negatifo, nunca positifo" ateratzen baitzitzaigun ordura arte egindako antigeno probetan; ostegun hartan, ordea, normalean naizena baino tontoago iritsi nintzen lanetik etxera, eta buruko tontorrari hotzikarak gehitu zitzaizkion, oherakoan: sudurzuloak arakatuta, bi marra gorri salagarri agertu ziren txarteltxo zurian, filmetako indioek gerrarakoan masailean marraztutakoak bezalakoak. Hementxe dala!

Zazpi egun aurretik hausnartzeko. Hirugarren egunerako, ordea, sukarra pasatuta eta majo gogaituta, eginkizun transzendente horietarako ordu askotxo zirelakoan –ez dut pentsatu nahi zer izan litekeen hiru aste oso, herriko anakoretak egin moduan, wifi eta Netflixik gabe, soilik neure buruarekin egotea–, normalean egiten ez ditugunak egiteko aprobetxatzea pentsatu nuen: gehienez bizpahiru aldiz erabilitako bainera bete – denbora kontua izango da, baina oraindik dutxayakoei ez diegu deitu–, eta han etzanda ura hoztu arte ederki egongo nintzela irudikatu nuen; hainbeste litro ur horrela xahutzeak ingurugiroari kalte egiten ziola ere pentsatu nuen, baina ez ziren planetaren etorkizunari buruz pentsatzeko uneak, nahikoa nuen neure buruarekin. Baineran, ordea, ordu erdi nahikoa izan nuen; lagunduko zuen horretan nire metro eta laurogeiak bertan behar bezala ez kabitzeak ere; izan ere, JB Toshack poeta galestarraren mantaren mantra gogora ekarrita, burua ur azpian izateko, oinak –baita izterrak ere– kanpoan behar, eta alderantziz.

Eta horrela –gosaria-bainua-filma-bazkaria-albisteak-liburua-afaria-seriea-ohea– joan zitzaizkigun orduak gure basoko zuhaitzeko etxean. Bitartean, emazteari ere indioen gerra-pinturak azaldu zitzaizkion; bi apopiloak, negatifo; bainurik ez zuen behar izan gure neskak behar bezala hausnartzeko, eta, bide batez, guri lezio ederra emateko: ez genuen mastara lotu beharrik izan, argi baitzeukan asteburuko sirena-kantuei entzungor egin behar ziela, eta ez zuen baliatu protokoloaren enegarren aldaketak baimendutako "bizitza normalaren" zirrikitua bere ardurari iskin egiteko. Eta eskerrak, gero hari ere Jeronimorenak agertu baitzitzaizkion –semea libratu zen, baina hiru baten kontra, gorotza bakoitzarentzat bada ere, hura isolatuta–. Bat gutxi ez, eta bi asteko penitentzia, azterketa, saskibaloi eta parrandarik gabe.

Eta horrela –jan, edan, lo, hausnartu eta aspertu–, lerro hauek idaztearekin bat atera ginen berriz kalera, karnabalak zerumugan, maskarak derrigorrezkoa izateari utzi zion egunean bertan. Harrezkero, korrika saioa ere egin dut, eta porru eginda amaitu handikoaldeko joan-etorria; laurogeita hamapiku kiloek eta berrogeita hamapiku urteek zeresana izango zuten, baina astebete lehenago ere banituen, kiloak zein urteak. Bitxoak eragin du berea, zalantzarik gabe. Orain, beharbada inozente jokatuta baina kontzientzia elegante, maskara atseginagoren bat jantzita, ez gaitzala zezenak berriz harrapa. Hementxe dala!