Iritzia

Layren 50 itzal

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Amiano 2021ko api. 26a, 08:29

Imanol Amianok 2021eko apirileko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Cristian Lay gaztea eta erakargarria da. Dirua eta arrakasta dauzka, eta Anazpeitia Steele bere sarean harrapatu nahian dabil. Bondage jolasak ditu gustuko Layk: mozala ahoan, loturaz begiak estalita, eskuak, hankak, gorputza immobilizatu nahi dizkio altzairuzko damari, bero-beroan urtu eta xaflatua izateko. Dominazio eta mendekotasun jolas erotikoek, sadomasokismoak burua aztora diezagukete, jolasak jolas hutsalean gera daitezke eta berriro izorra gaitzakete.

Badira zortzi urte Gallardok labeak hotz utzi zituela, eta ez da harritzekoa zorioneko garai zaharren kilima haiek berriz sentitu nahi izatea. 300 langile kalean geratu ziren –langabeziak %15eraino egin zuen gora–, eta Corrugados Azpeitia itxi eta desegin zuen; gure altzairuzko poxpolina shock egoeran geratu zen. Duela bi urte, KKR putre-funts estatubatuarrak erosi zuen Gallardo taldea, eta, iazko udan, pandemia betean, gure Cristianek –Lasaoko eta Trukutxoko instalazioak barne, noski–, putreei. 140 lanpostu zuzen eta zeharkako beste 350 sortuko omen ditu. Bikoitza ere irakurri dut hor nonbait. Ez dakit, ba. Lealdarrek –Alfonso Gallardo bezala Extremadurako Jerez de los Caballerosekoak– hartzekodunen konkurtsoan edota itxita dauden enpresak bereganatzen omen dituzte, eta herrian bertan tankerakoekin izandako esperientziak ez dira izan, nola esan... kitzikagarriak. Eta, bestela, galdetu Danonakoei zein diren Paco Vera eta bere Porsche Panamera.

Putreek, marrazoek harrapakina begiztatzen, usaintzen dute, hozka zatikatzen, mokoka osorik erauzten, itsas hondoan murgilduta, edozein eremutan abandonatuta utzi arte hezurdura. Ikusi dugu antzekorik Gestamp, General Electric, Aernnova edota Siemens Gamesa bezalako multinazional harrapariekin: striptease esperantzagarri bezain iruzurtien ordainetan, agintari limurtuek subentzioak papar oparoetan barrena sartzen dizkiete, lerdea dariela. Eta haiek, mantis religiosak bailiran, estalaldiaren ondoren, aseta, gorpuzkiak baino ez dituzte uzten.

Arcelor, Sidenor edota Tubacexen gertatzen ari dena ikusita, ez dirudi altzairugintzarentzako garai onenak direnik. Iazko azaroan, urrutira joan gabe, lantegia irekitzea ez omen zen bideragarria. Orduan, zer aldatu da ba? Herri erdi-erdian, 79.000 metro koadroko orube erakargarria, desiragarria da Martxielenekoa. Hori ote? Hor, zegoen lekuan, eta ez beste inon nahi du LCk altzairutegia; labeak lekualdatzeko astirik ez omen dago: "Hemen eta orain". Tapiaren ingurumen alorreko baimena besapean du Lealek, Larrañagaren bedeinkapena ere bai, baina ménage à trois horren aurrean Alkortak azaldu du lur horiek dagoeneko ez direla industria-eremu, eta legea urratuko litzatekeela 2013an udaleko talde guztiek aho batez onartutako Hirigintza Plan Orokorra ad hoc aldatuz gero, gainerako eragileek eskatzen dioten moduan. Eta hasi dira teilatuetarako pilota jaurtiketak.

Zortzi urte pasatuta, langile haiek josi dituzte beren bihotz zartatuak, herriak berrekin dio bizitzari. Eta hara non agertu zaigun Cristian –kate eta narru, giltzarrapo eta zartailu–, lizun. Hobe lukete denek Cristian estu lotzea, "aktiboki eta pasiboki" proposatu duena "benetako borondate" soilean gera ez dadin. Eta denborak esango digu Layrenak 50 itzal are eta ilunagoak ala 50 itzal askatuak diren.