Trumoiak jo du

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Amiano 2020ko aza. 4a, 08:45

Imanol Amianok 2020ko urriko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Azkar joan zaigu. Gertatuko zela, gertatu behar zuela bagenekien arren, konturatzerako iritsi da unea. Gezurra dirudi: eguerdian pasieran eta handik pare bat ordura larrialdietan. Box horietako batean daukate ama. Larri eraman dute, eta, txandaka bada ere, utzi egin digute berarekin egoten. Ez digute argi eta garbi esan, baina agurtzeko-edo izan litekeela sumatu dugu, COVID-19aren protokoloa dela eta, ez baita gaixoa beste inor sartzen han.

Tarteka begiak zabaltzen ditu, kostatako arnasak bular aldea gora eta behera mugitzen dion bitartean. "Lasai, ama, zu eon lasai", esaten diot, eskutik heldu eta bestearekin bekokia amultsu igurztearekin batera, neuk barruko zurrunbiloarekin zer egin ez dakidan bitartean. Trumoiak jo du, eta euri jasa bortitzak larrialdietako tejabana hautsi behar duela dirudi. Hasierako harridura oihuek isiltasunari utzi diote lekua, eta zaparradaren hotsak oroitzapenei eman bidea, elkar besarkatuta, zain geunden bitartean. Zain.

Gaua lasai pasatu du eta plantara igo dute. Gogorra emakumea, dedio! Gaiztoa izan liteke zahartzea. Krudela izatera ere irits daiteke. Baina bizitzari hortzekin, eta bestela, atzamarrekin heltzen diogu, badakigu-eta hemengoak egindakoan, dena amaitu dela. Kitto. Arrebari txanda hartu behar diot, bigarren gaua pasatzeko. Pixka bat aztoratu egin dela azaldu digute, justu-justu dagoela eta prest egoteko. Agurtzeko aukera izan dugu, behintzat. "Lasai eon, ama, zu eon lasai", esaten diogu, geure urduritasuna disimulatu ezinik.

Egin dezakegun guztia egin dugu. Hala esaten digute, eta hala dela sinetsi ere egin dut, bai. Familiari, guri, seme-alaboi eskainitako bizitza batek ez du gutxiago merezi. Baina ezin ditut burutik kendu azkenaldian bota dizkiodan purrustadak eta petralkeriak. "Ondo baino hobeto zaindu duzue. Egin zenezaketen guztia egin duzue". Hitzok etengabe egiten didate durundi buruan, ez arintzen, ordea, sabel aldean sentitzen dudan ezinegona. Nahigabea hitzotara, paperera ekartzea erabaki dut, sentitzen dudan korapiloa askatuko didan esperantzan, sentitzen dudan zama arinduko didan itxaropenez.

Gaua pasatzeko, emaitza jakina duen borroka antzurako prestatu naiz. Halako batean, ordea, dena amaitu da. Ez dut eramandako poltsa ireki ere egin. Azken begirada bat, eskua estutu diot. Barruko zurrunbiloa baretu da, eta bere lekuan egunotan lekua egiten joan den amildegi sakon eta hutsa baino ez da geratu.