Lau urdailetatik pasatuta

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Amiano 2020ko ots. 4a, 09:22

Imanol Amianok 2020ko urtarrileko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Gure aita zenak –gerra garaitik eta hargatik beragatik germanofoboa, eta, aurkaritzaz, anglofiloa– "no news, good news" esan ohi zuen, baxu antzean, dena ondo zegoenean, beharbada garaiotan albisteek gauza onik ez zekartelako. "Zaharra berri" diogu, albisterik ez egoteak dakarren asperdura ukituaz, baina baita gertakariak, patuak horrela aginduta edo, errepikatzen direnean ere. Horrelakoak iruditzen zaizkit Gabonak; erlojua geratuta egongo balitz bezala, ezer gertatuko ez balitz bezala bizi dugun garaia. Deja vua. Linboa. Zorion eta urte berri on.

Ez neukan askorik disfrutatzeko itxaropenik. Zahar-berri etsigarriak eta bad newsak bata bestearen atzetik izan ditugu, talo-txorixoak iritsi aurretik. Hango eta hemengo gaitza eta emaitza garratza! Ingurukoen zoritxarra ezin onik eraman eta burua ezin jasota ibili gara. Laiotz bihotza. Egoistak gara, izan ere. Ni bai, behintzat: ezin ba zorionekoa izan besteen zoritxarrean. Saiatuko ginen, hala ere. Egutegiak hala agintzen du.
Olentzeroren etorreraren aurreko txikienen ilusioak irribarreren bat aterako zigun, korrika saio xilbestrea ere eginda izango gara, afalaurreko poteo gogoangarriak bezala, eta ohiko juntadizo pozgarrietako txantxak eta algarak dagoeneko mahaiaren buelta horretan ez zeudenen oroitzapeneko besarkada eta negar malkoren batekin nahastuko genituen, elkarri zori onen kantua opa geniola, ezen zori txarrak inork deitu gabe bakar-bakarrik kantatzen baitaki.

Zorion eta urte berri on. Eguneroko txikikeriak irentsi ezinik ibiltzen banaiz, benetako arazoak eztarrian ez atzera ez aurrera geratzen zaizkit maiz; baina, idi zaharren modura –eta Gabon gau, Eguberri egun, Gabon zahar eta Urteberri eguneko oturuntzekin batera–, lau urdailetatik pasatuta izango ditut dagoeneko.