Bizitzak hil egiten du

Erabiltzailearen aurpegia

Imanol Amianok 2019ko azaroko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

"Joan zaitezte ogitara, ni ez naiz joango eta, joan esnetara, ni ez naiz egongo; inork bota aurretik nahiago dut neuk irten, atzeko atea erabilita bada ere". Horrela dio Los Enemigos taldearen Septiembre kantak, La vida mata diskoan; bai, bizitzak hil egiten du, Josele Santiagoren hitzok dioten moduan. Eguneroko bizitza zama astunegia, eramanezina bihurtzen denekoa da iraila. Baina ekaina izan liteke iraila. Urtarrila ere bai. Edo azaroa. Askorentzat, gehiegirentzat –gutxi batzuk gehiegi baitira–, beti da iraila. Udazkenera daraman hego-haizezko zirimola.

Familiakoak, gertukoenak, kezkati, zurrunbiloaren nondik norakoak ezin ulerturik. Lagundu nahirik, baina ezin asmaturik. Gainerakook ere ez zaituztegu ulertzen, eta gainera, ez dugu ulertzeko ahaleginik egin nahi. Ez zaituztegu ikusi nahi; urrutitik sumatzean, ezikusiarena egiten dugunak gara. Espaloiz aldatzen garen horiek. Ez dugu konplikaziorik nahi; burukominik. Lanpetuegiak gaude, agian. Aitzakiak, nahi dituzuen guztiak. Lagunok –edo izandakook, behintzat–, ezagunok, herritarrok, gizarteak beste lehentasun batzuk dauzkagu, besterik gabe. Gure egunerokotasuna distortsionatzen duzuen pariak zarete. Ikusezinak. Ukiezinak. Deseroso sentiarazten gaituzue askotan, eta horregatik, ez zaituztegu gure artean nahi. Hor konpon. Mundua jasanezina zaizuenean, zuen egonezina gure bihurtzen baita.

Halako batean, ezustean kolpatzen gaituzue, erdiz erdi, hemen zaudetela adierazteko –azken garrasi itoa–, atzeko atetik joan baino lehen: "Dagoeneko iraila da eta ez naiz egongo", dio Joselek, diozue, entzun nahi duenarentzat. Esan nahi diren hitzak dagoeneko esanda daudenean, ezer gutxi dago gehitzeko. Gainerakook, orduan, burua astintzen dugu, eta geure zurrunbiloan murgiltzen gara berriro.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide