Nire aitaren hitzak

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Amiano 2019ko uzt. 3a, 12:14

Imanol Amianok Uztarria aldizkariaren 2019ko ekaineko zenbakian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Aldizkari honetan bi hilean behin idaztea proposatu zidatenean, nire burutazioak plazaratzeko aukera polita zela pentsatzeaz gain, ardura eta kezka (eta lotsa puntu bat) ere sortu zitzaizkidan; ez alferrik, bertan idatzitakoek irakurleen, are gehiago, herriaren epaia jasoko zuten; harrezkero, Uztarriak nire jarduna barruan duela argia ikusten duen bakoitzean, ez naiz guztiz eroso sentitzen kalea zapaltzean. Badakizue, kritikak. Desadostasunak. Oharren bat. Komentarioren bat... Kri-kri-kri... Ba ez. Ez eta begirasun txar bat ere. Inozoa ni. Hutsaren hurrengoa izan da nire predikuen arrakasta. Izan ere, denok dauzkagu nolabaiteko gurutzadak, askotan hutsalak, edo ez behintzat garrantzi handikoak. Nireak, esaterako, euskara irakaslea edo antzeko zerbait naizen aldetik, hizkuntzari lotutakoak: gauza den edozer dela, eta ez gauz; urtebetetzea ospatzen dela, eta ez zorionak. Basamortuko hondar artean galdutako hitzak. Okerrago. "Aizak, gauz bat, noiz dituk hire zorionak?", bota zidan ordura arte laguntzat nuen batek, tipoa aurreko azalpenak aspaldi ez zela entzunda zegoen arren. Zer egin? Zainak moztu ala luzatzen utzi?

Ez naiz errenditu, oraindik. Otsoen kontra, sikatearen kontra, lukurreriaren kontra, justiziaren kontra defendituko ditut nire aitaren hitzak. Gora a itsatsia! Urtebetetzea ala hil! Eta besorik gabe, sorbaldarik gabe, bularrik gabe bada ere –baita esperantzarik gabe ere–, armekin ez, baina eskuekin defendituko dut Azpeitiko biztanleak Azpeitian bizi garela, eta ez Azpeitin. Ba ez. Antza denez, kristo guztia Azpeitin bizi da. Beharbada, nire hitzek horregatik ez dute oihartzunik; beharbada, herri paralelo baten bizi naizelako; edo unibertso paralelo baten. Gurutzada galdu egingo dut, aziendak, pinudiak, soloak, korrituak, errentak, interesak bezalaxe. Ni hilko naiz, nire askazia galduko da –arima galdua dut dagoeneko–, eta nire aitaren hitzak ere galduko dira, bai horixe, herri soberanoak nahi duena egiten baitu.