Pailazoak

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Amiano 2019ko api. 20a, 12:00

Imanol Amianok Uztarria aldizkariaren 2019ko apirileko zenbakian idatzitako iritzi artikulua da honakoa.

Pailazoz jantzi nintzen Astelehen Karnabalean. "Mozorro aproposa zuretzat", esan zidan alabak, beti bezala, hatza begian sartuz. Pailazokeriaren bat edo beste egin genuen, zer gutxiago, baina egunezkoak dira orain gure parrandak, eta, sudur gorriaz gain, denboraren kontzientzia ere galdu eta etxerako bidea ahaztu baino lehen, txintxo-txintxo erretiratu ginen. Bueno, erretiratu egin ginen behintzat. Eta hemen gaude, harrezkero, garizuma gorrian, hausterrea kopetan dugula, Aste Santua noiz ailegatuko. Aurten, ordea, Aste Santuko oporraldia ez da bakarrik etorriko. Inora ez badugu jotzen, sofan etzanda ederra datorkigu; garai bateko Gabi, Fofo, Fofito, Miliki eta Milikito bailiran, Pedri, Santi, Albertito, Pabliki eta Pablikito izango ditugu, prozesioan: Izara Santua, eta telebistako pailazoak; Ben Hur, eta pailazoak; Quo Vadis... eta pailazoak berriro, saxofoia jotzen. Kristo guztiaren azken tentazioa telebista itzaltzea.

Guk ere baditugu geure pailazoak, ez pentsa. Espainiako hauteskundeak eta hilabetera berriro izango dugu zirkoa gure artean, eta ez nolanahikoa: munizipalak, autonomikoak eta europarrak. Hiru pistakoa, alajaina. Beti izan naiz eszeptiko samarra, zer nahi duzue ba esatea. Hori bai, tarteka, demokraziaren deiadarra entzun izan dut –"oraingoan bai, denok botoa eman beharra daukagu", eta horrelakoak–, eta han azaldu naiz Beterratara, konbentzimendu gehiegirik gabe, egia esan, deiadarrak utzitako txistu-hots zakarra belarrian.

Pailazokeriak gustuko ditut, telebista gero eta gutxiago, eta pailazoak batere ez. Ez trifatxitokoak eta enparauak, behintzat. Barregarriak lirateke ateraldi eta estropezuak, pailazo horien erruz negarrari eman beharko ez bagenio. Horregatik, beharbada, Beterratara joango naiz berriro. Ez irizpiderik, ez printzipiorik... Hau marka etengabeko kontraesanean bizi beharra! Nola zaudete zuek? Ondoooooo?