Xaharraren eguerdiko karkaxa

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Amiano 2019ko ots. 26a, 11:20

Imanol Amianok Uztarria aldizkariaren 2019ko otsaileko zenbakian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Dena urtebete lehenago hasi zen. Sansilbestrea ikusten ginela, lasterkarien eta animatzen geundenen oihu eta txalo artean, "hi, ertengo al diau biyok?", bota zidan, zerbeza eskuan, lagun batek. Hirugarrenak biribildu zuen erronka: "Neuk ipini bazkaye ertetzen badezue". Eta nik baietz, hurrengo egunean hasiko nintzela ibilbidea aztertzen. Kotxez. Izan ere, sei kilometro pasa ez dira, ez, ahuntzaren gauerdiko eztula. Nire kasuan, xaharraren eguerdiko karkaxa gehiago. Horrela, urteari asmo berriz ekiteko konpromiso irmoa hartu nuen: korrika, gimnasioa, spinnin... denerako prest. Errege egunerako, kalentura pasatua, errutinak aldatze kontu hori aurreragoko uztea hobe nuela pentsatu nuen: "Udako, beharbada". Ohi bezala.

Eta iraila ere iritsi zen. Urte amaieran txantxa artean esandakoak etorri zitzaizkidan gogora. Eta harrigarria bada ere, Sanjungo iturrirainoko korrikaldia egin nuen –eta itzuli ere bai!–. Goizean goiz, erdi ezkutuan. Tira, ez hain ezkutuan, baten batek esan baitzidan pena ere ematen nuela. Zer egingo diogu ba, 50 urte bete behar eta, pleistozenoan saskibaloian jardundakoa izanagatik, gainerako bizitza erdia baino gehiago neraman kirolik egin gabe... Ni, ordea, gustura. Burua –eta kilo batzuk– despejatzeko ederki zetorkidan.

Eta Urtezahar eguerdia ere iritsi zen. Jende pila bat errepidean, are gehiago bide bazterretan. Giro bikaina eta animo ugari. Nirekin, erbi etiopiarrak bailiran, Guenbeselassie eta Martinekele. Haize-bolada bat sumatu al zenuten hamabiak eta hogei aldera? Ba ez ginen gu, ez. Aurrena zen. Kabroiak ia doblatu gintuen plazan, lehen itzulia amaitzen ari ginela. Helmugan, 38 minutu eta 24 segundo. 783 korrikalari aurretik eta... 49 besterik ez atzetik. Baina denbora eta postua ziren gutxienekoa. Harro nengoen, arnasa –gehiegi– estutu gabe osatu bainuen ibilbidea. Txanpaina, topa egiteko, eta txuri pare bat raba batzuekin balentria ospatzeko. Aurten baietz marka hautsi! Edo ez. Ze inporta dio!