Iritzia

Ahaltasunetik ahultasunera

Erabiltzailearen aurpegia Ihintza Elustondo 2022ko mai. 19a, 10:09
(Irudia: Pixabay)

Ihintza Elustondok 2022ko maiatzeko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Lorerik ederrenak ere erdi ezkutuan izaten ditu arantzak, munduaren aurrean eder agertzeko. Balerik handienak buztana erakusten dio lehorrekoari, lilura eragiteko. Eta indioilarrak lumak astindu. Ostrukari munduaren aurrean agertzeko armazoia falta nonbait, eta burua lur azpian sartzen du, desagertzeko, gorputz guztia kanpoan duela ohartu gabe.

Gu geu ere nola saiatzen garen barneko mamuak estaltzen, eraitsi ezin den harresi baten gisan agertzeko. Beti gogor, beti ondo, beti kementsu. Geure bertsiorik ahaltsuena soinean jantzita.

Aspaldi asmatu zuten gizakiaren joera hori deskribatzeko hitz egokia: kanpolarrosa. Kanpotik begiratuta, nola dirudigun lore, eder. Ezin jakin, ordea, barruan, ezkutuko sustrai horietan zer dagoen. Zerk ureztatu duen egunez egun lore hori, egun iritsi den neurrira iristeko. Zer pozek, zer minek.

Pozetik bezainbeste baitu bizitzak, sarritan, minetik.

Gutxien espero duzunean, lurrikara baten moduan etortzen dira gaitzak, heriotzak, beldurrak, mamuak. Izarraizko tontorretik zure buru gainera jausitako harri koskor baten gisan.

Mamu horiei ihes egiten saiatzen gara, ezkutaketan jolasean dabiltzan haurrak zuhaitzaren atzean gordetzen diren moduan. Estali egiten ditugu minak, inork ez ikusteko. Baina hortxe agertzen dira, zuhaitzaren atzean haurraren zapatila agertzen den bezala.

Zenbat tabu, zenbat isiltasun. Zenbat tapakirekin estali ditugun ikusi nahi ez ditugun egitateak, desagerrarazi nahian. Baina estaltzen saiatzen garen mamuek ez dute inora alde egiten. Alderantziz, zenbat eta gehiago tapatu, are gehiago dira min. Urarekin estalitako herrixkak ere, marea jaistean, agertu egiten baitira.

Eta datuak hor daude. Gerran baino jende gehiago hiltzen da bere buruaz beste eginda. Auto istripuetan baino gehiago. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, bi egunetik behin hiltzen du bere burua norbaitek.

Horretaz hitz egin, ala ez hitz egin.

Irakaspen ederra eman zigun aurreko batean Aitziber Garmendiak: "Ez dakizue zenbat beldurtzen nauen arima biluzteak, irribarre egiteari utzi eta hauskortasuna erakusteak. Baina merezi du, badakit. Gure beldurrez lotsarik gabe hitz egiteak, sekulako askatasun sentsazioa ematen du. Probatu beharko zenukete".

Sekula ez ditugu ezabatuko minak, oinazeak. Harri koskorrek Izarraizko tontorretik behera erortzen jarraituko dutelako. Zure gainera, nirera. Baina horiei aurrez aurre begiratzeko gai baldin bagara, gutxienez, baretu egingo dira harri koskorrak eragindako zauriak.

Ez ahaztu ahal izatetik ahul izatera letra bateko koska baino ez dagoela.

(Lerro hauek sentipentsatzen ari nintzela izan nuen zure heriotzaren berri. Besarkada bat, Iñaki).