Iritzia

Joan-etorriak

Erabiltzailearen aurpegia Ihintza Elustondo 2021ko uzt. 23a, 08:23

Ihintza Elustondok 2021eko uztaileko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Armairuak ireki eta zure arropa ikustea. Usaintzea. Zuk zapaldutako lur bera oinen azpian sentitzea. Zuk garbitzen zenituen apal berberei hautsak kentzea, zuk erabiltzen zenituen ontziak jasotzea. Arrautza bat zuk irakatsi bezala frijitzea. Zuk egiten zenuen toki berean arropak eskegitzea. Zu etzaten zinen sofa berean esertzea. Komunak zuk esanda bezala garbitzea. Loreak ureztatzea.

Zure logelan lo egitea.

Zuk gordetako argazkiak begiratzea. Zuk brodatutako izarak usaintzea. Zuk jositako arropa kaxoian tolestuta ikustea. Zuk gerorako jaso zenituen gauzak oharkabean aurkitzea. Guretzako zenbat gauza gorde zenituen konturatzea. Zure falta sumatzen dudala ohartzea.

Zure omenez, puskatu gabeko galtzak janztea.

Loredun gona sanpedroetarako gordetzea.

Balkoira irten eta zuk begiratzen zenituen gauzak begiratzea. Kalean jendea ikustea. Zuhaitz handi hori begien aurrean izatea. Zure lagunak, ezagunak, pasatzen ikustea. Kalean dabiltzanek zutaz galdetzea. Zuk egiten zenuen pan de plata aipatzea. Pan de plata bat zer den ez dakidala konturatzea.

Zure gertukoek maite zintuztela ohartzea.

Eguna joan eguna etorri, zutaz oroitzea. Gehiago ez zaitudala ikusiko onartzea.

Zuk behin emandakotik sortu naizela jabetzea. Zuri esker naizela ospatzea.

Zugatik topa egitea.

Zuk ereindako uzta begien aurrean ikustea.

Udaberri bat sortu duzula konturatzea.

Sabel bat hazten eta hazten ari dela ohartzea. Hari begiratzea, ukitzea. Belarria jartzea, zerbait entzuten ote den egiaztatzea. Han barruan lo gozoan dagoenaren aurpegia nolakoa izango den imajinatzea. Noren antza izango ote duen galdetzea.

Haren ondoan etzateko gogoa sentitzea.

Zerrenda guztiak errepasatu eta harentzako izenik politena aukeratzea.

Oraindik munduratu ez den izaki bat maitatzea.

Bizitza ospatzea.

Sehaska, haur kotxea, pijama, arropak; dena prest izatea.

Logela bat hustea, beste bat betetzeko prestatzea.

Zer ote den bizitza, batzuk joatea, besteak etortzea.