Iritzia

Ardoak adina poz

Erabiltzailearen aurpegia Ihintza Elustondo 2021ko ots. 22a, 08:35
Joxe Mari Azpeitia eta Jabier Arruti. (Nerea Uranga)

Ihintza Elustondok 2021eko otsaileko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Tabernak zabaldu berri ziren egun horietako batean, aspaldiko lagun batekin egin nuen topo Donostian. Kontxan paseatu ostean, tentazioari ezin eutsi, eta terraza batean ardo bat hartzera animatu ginen. Berokia goraino lotuta eta txapela nahiz maskara jantzita, baina begiak ere algaraka, aspaldiko planik onena zelako eskuen artean genuena.

Halakoetan ohi den logikari segika hasi ginen berriketan: "Zer moduz zabiltza? Lanean ondo?". Galdera asko egitekoak izan ohi gara kazetariok, baina uste dut nire aurrean zegoen pertsona ni baino hobea dela horretan. Bizitzarekiko kuriositate handia du, eta gure lanbideak ere ematen dio zer pentsatua, nonbait. "Baina igande gau batean ezbehar bat gertatzen baldin bada, zuetakoren bat hasten al da albiste hori egiten?", galdetu zidan. Irribarre batek ihes egin zidan.

Dela igande gauean etxe bat erori dela, dela auto batek su hartu duela. Zer ez da gertatzen gure herri honetan? Askotan pentsatzen dut maldizioren bat bota digutela. Eta halakoetan, norbaitek ipurdia mugitu behar; lasai sofan etzanda baldin bazaude edo kalean poteoan baldin bazabiltza, bulegora edo etxera azkar albistea egitera.

Gustura erakutsiko nioke lagun hari gure lantaldeko Whatsapp mezu uholdea: "Hau ba al da albistea? Beste hori ba ote da? 500etik jaitsi al gara? Azkoitiarrak gu baino hobeto al dabiltza?". Etxealdian asper-asper eginda daudenak ere nazkatuko lituzke gure hizki erauntsiak. Kazetari zortzi orduz bakarrik izatea lortu duenak azal diezagula estrategia.

Koronabirusaren datu festa, tabernarien protesta nahiz herritarren kexa. Zin dagit, gure lan hau erraza ez da. Baina 2020an nahikoa tristura eta buruhauste izan dugu, eta 2021 honetan egin dezagun gauza onak hizpide izateko saiakera. Txarrak bestela ere egingo du-eta bere bidea.

Hona hemen, iluna alde batera utzi eta argiari begiratzeko nire ahalegina. Sekula gehien egitea kostatu zaidan elkarrizketa izan zen zezen plazako zaindari Joxe Mari Azpeitiari eta Jabier Arrutiri egin niena. Egun batean, haizea hartzera bidali ninduten, Canal Plusi ere ez ziotela elkarrizketarik eman eta Uztarriari ez ziotela emango esanda. Hurrengo urtean, ordea, berriro agertu nintzen zezen plazara, neure buruari pazientzia gaindosia emanda. Ederki kostatuta, baina azkenean, nola edo hala atera nien behar nuen informazioa, goiz guztia hantxe koadernoarekin eta boligrafoarekin pasatuta.

Igaro zen denbora, eta batere espero ez nuenean, sakelakoan gorde gabe nuen telefono zenbaki baten deia jaso nuen, nire urtebetetze egunean. Zezen plazako bi artistak ziren. Bazekiten nire urtebetetze eguna zela, eta zorionak eman zizkidaten; bide batez, eskerrak ere bai, erreportajeagatik.

Benetan diotsuet telefono dei hark Kontxan paseatu ostean hartu nuen ardo hark baino poz handiagoa eman zidala. Halakoetan pentsatzen duzu: merezi du kazetari izatea.

P. D.: Oraindik ez dakit nola lortu zuten nire telefono zenbakia.