Heldulekuak

Erabiltzailearen aurpegia

Ihintza Elustondok 2020ko abuztuko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Ingurukoek barre egiten zidaten munduaren bukaeraz hitz egiten nuenean; gure arduragabekeriak, etengabeko berotzeak dena suntsituko zuela aipatzen nienean. Amildegia eraikitzen ari ginela iradokitzean, barre. Orain, jende gutxik egiten du barre. Eginda ere, ez dago bestearen irribarrea ikusterik, derrigortu dizkiguten oihal zatiak aurpegian ditugula. Jarriko ditugu loreak, koloreak, alaitasuna trapuetan, baina irribarrerik ez. Badirudi genuen gauzarik ederrena lapurtu nahi digutela.

Denok uste genuen gauzak ezin zirela okerrago joan. Eta okertu dira. Itxi-etxealdian ahal bezala aurrera egiten saiatu gara, sekulakoak eta bi egin ditugu minutuak, segundoak azkarrago igaro zitezen. Aske sentituko ginen eguna noiz iritsiko zain egon gara, genuen bakarra denbora zela jakin gabe. Denbora pasatu da, eta hementxe gaude. Ez dira gauzak hainbeste aldatu.

Hiru hilabete egon gara egoitzan dugun amona ikusi gabe, hura kalera aterako zen egunaren zain, zibermusuak benetako besarkada bilakatuko ziren unearen esperoan. Eta orain, egoitzatik ateratzen denean ere ez diogu musurik ematen, badaezpada. Joxe Mari eta Jabier, berriz, sekula ez dira hainbeste denbora elkar ikusi gabe egon; lehen, ekaitzik bortitzenak ere ez zuen banatzen parea. Eta kontuak kontu, oraindik ez dira txikito bat elkarrekin hartzera joan, badaezpada. Zenbat badaezpada, zenbat gogoz kontrako urruntasun. Eta aurten ez da saninaziorik izango, ez festarik, ez betiko oporrik. Zenbat tristura, zenbat ilusio goitik behera, txiki-txiki eginda.

Zergatik programatzen ote ditugu ametsak gerorako, oraina besterik ez dugula konturatu garenean: zero kasu izatetik bat edo bi izatera koskarik ez dagoenean, egun batetik bestera mundua aldatzen denean. Eta, gu, hala ere, etorkizuna eraiki nahian, geroa piezak esku artean ditugun puzzlea bailitzan.

Ez dago erraza ilusioak sortzea, dena kontuz, tentuz, erdi beldurtuta egin behar dugun garai honetan. Eguzkia inoiz baino argiago dagoen arren, sekula baino konfiantza gutxiago transmititzen digu azkenaldian. Zer sinetsi, zer ez, bertsio bakarreko mundu honetan. Baina bilatu beharko ditugu heldulekuak, elkarri piztu beharko dizkiogu bonbillak tunelaren amaieran.

Begiekin bada ere, egin dezagun irribarre.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide