Urola Ikastolan ikas baldintza duinak bermatzea eskatu du Ikas-ek

Erabiltzailearen aurpegia IKAS 2022ko urt. 19a, 12:05
Ikas-ek deituta gaur egin den elkarretaratzeko irudia.

Elkarretaratzea egin dugu gaur azken asteotan Urola Ikastolako Batxilergoko ikasleok jasan behar izan ditugun ikas baldintzak salatzeko. Izan ere, eraikinez aldatu garenetik, oinarrizko baliabideen falta nabarmena da.

Azpeitiko Urola ikastetxean azken asteotan jasan behar izan dugun egoera salatu nahi dugu. Hilabeteak igaro dira ikasturtea hasi genuenetik, eta ikasketak aurrera behar bezala eramateko arazoak ugariak izan dira denbora tarte honetan. Gabon oporrak amaitu eta klasera itzuli garenetik, ikasgela barruan bizi behar izan dugun hotza jasanezina izan da, baliabide falta nabarmena dela medio. Esate baterako, berogailuak egon badauden arren, ez daude erabilgarri.

Duela hilabete salatu genuen bezala, eraikinez aldatu garenetik, oinarrizko baliabideen falta nabarmena da (wifi sarea, argia zenbait tokitan, takilak...), eta zentzu honetan kokatzen da gaurko salaketa ere. Izan ere, baliabideen eskasia nahiz neguko hotzen ondorioz 10 gradu baino gutxiagoko tenperaturetan jaso behar izan ditugu klaseak. Nahiz eta zuzendaritzari egoerari irtenbidea eman diezaioten eskatu diogun, erantzun espekulatiboak soilik eman dizkigute.

Egoera hau, ordea, ez da ausazkoa, ez dugu kasu isolatu moduan ulertu behar, krisian aurkitzen den eta kapitalaren beharretara egokitzen den hezkuntza sistema dekadente baten isla gisa baizik. Guk, Urola Erdiko Ikas-ek, argi dugu klaseekin jarraitzeko oinarrizko baldintzak bermatu behar direla. Bitartean, antolakuntzara batzeko deia luzatzen dugu, izan ere, ikasle langileon baldintzak hobetzeko beharrezko zaigu.

Whats-App-Image-2022-01-19-at-11-22-06-2