Ekainaren 5eko herri galdeketa

Herrialde Katalanetatik 160 'casteller' inguru etorriko dira bihar, herri galdeketa babestera

Erabiltzailearen aurpegia Hitzartu 2016ko eka. 4a, 16:46
Castellers de Barcelona.

Azpeitian izango dira bihar, ekainak 5, Castellers de Barcelonako kideak, Hitzartuk independentziaz egingo duen herri galdeketa babesteko. Beraiekin hitz egin dugu, besteak beste, castellerren tradizioaz, Kataluniako prozesu independentistaz eta biharko herri galdeketaz. 

Zer dira castellerrak eta nondik dator tradizioa?

Pertsonez osatutako torreak dira castellerrak, eta oso jarduera herrikoia da Herrialde Katalanetan. Izan ere, edonork har dezake, ez dio axola pertsonaren jatorriak, sexuak, adinak edota sinesmenak. Belaunaldiarteko harremanak sustatzen dituen jarduera da, taldelanean aritzearen baloreak transmititzen dituena. Valentziako Ball de valencians tradizioan dute jatorria, azken helburua giza torre bat osatzea zuena. Orain dela 200 urte baino gehiago sortu zen tradizioa da, denborarekin eboluzionatzen joan dena.

Zer garrantzia dute Herrialde Katalanetan?

Oso ezagunak dira, eta Katalunian bizi den pertsona orok ikusi du noizbait castell bat. Gaur egun, 100 talde inguru ari gara castellsak egiten eta geroz eta talde gehiago sortzen ari dira, teknika eta nibel hobeagoak dituztenak. Atzerrian ere taldeak sortzen ari dira, Txinan, Australian, Londresen, Txilen eta Parisen, esaterako.

47 urte pasatu dira zuen taldearen hastapenetatik. Nolakoa izan da ibilbidea?

Castellers tradizioa errotuta dagoen lekutik, Kataluniako hegoaldetik, urrun sortu zen lehen taldea izan zen gurea. Ez zen erraza izan Bartzelonara halako ohitura bat eramatea. Hasiera batean zazpi pertsonen ideia izan bazen ere, denborarekin hainbat eta hainbat kidek egindako ahaleginari esker, Kataluniako talderik onenetarikoa izatera iritsi gara. 47 urtetan momentu asko biltzen dira, onak zein txarrak, baina guztiei aurre egiteko gaitasuna erakutsi du gure taldeak, eta hori da oraindik bizirik mantentzen gaituena.

Nola bizi duzue Kataluniako prozesu independentista?

Denborarekin jarraitzaile gehiago izatea lortu duen prozesua da, eta hori argi ikusi da irailaren 21eko mobilizazioetan eta bozkatzeko aukera izan dugun aldi guztietan. Prozesu independentista, prozesu demokratiboa eta baketsua izatea nahi dugu. Hala ere, gure taldean zein beste hainbat taldeetan, independentistak diren kideak daude, baita hala ez direnak ere, eta guztiok errespetatzen dugu elkar.

Zer iritzi duzue Azpeitian ekainaren 5ean independentziaz egingo den herri galdeketaren inguruan?

Norbanakoek euren etorkizuna erabakitzeko aukera izango dutela jakitea beti da berri ona. Erabakitzeko eskubidearen alde gaude, eta biharko herri galdeketan parte-hartze datuak altuak izatea espero dugu.

Nola hartu zenuten Azpeitira etortzeko gonbidapena?

Oso pozik hartu genuen gonbidapena, eta taldeko kide guztiak gogotsu daude Azpeitian aritzeko. Ez da Euskal Herrira etortzen garen lehen aldia. Aurrez, gure 40. urteurrena Mairuelegorretako (Gorbeia, Bizkaia) kobetan ospatu genuen. Orain Azpeitian aritzea dagokigu, aukera bikaina gure 47. urteurrena azpeitiarrekin halako egun berezi batean ospatzeko.