Han eta hemen

Ohitura txarra?

Erabiltzailearen aurpegia Hiromi Yoshida 2022ko abe. 8a, 08:00
(Pixabay)

Hiromi Yoshidak 2022ko azaroko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Askotan aditu izan ditut euskaldunak honelako kontuak esaten: "Eman dezagun bost lagun euskaraz ari garela eta hor azaltzen dela lagun erdaldun bat. Orduan berehala pasatzen gara erdarara. Hori bai dela ohitura txarra!". Ez zait iruditzen ohitura txarra denik, baina hona hemen nire duda: "Bost lagun euskaraz ari dira; horietako batek, X-k, ez daki erdaraz. Eta hor azaltzen da Y, lagun erdalduna; kasu horretan ere erdarara pasatuko al dira beste laurak?". Ez da oso kasu erreala, baina gerta daiteke. Nire hipotesiak:

1. Lau lagunen eta X-ren eta Y-ren arteko harremanak nolakoak diren; horren arabera hautatuko da hizkuntza. X ezagutu berri badute, eta Y, berriz, lagun handia bada, erdarara pasatuko dira aspaldiko laguna ez baztertzearren. Baina alderantziz ere gertatuko da.

2. Zeinek ateratzen duen mintzagaia; Y-k ateratzen badu, erdaraz arituko dira naturalki. Baita alderantziz ere.

3. Eta beste faktore bat okurritu zait. Elebidunak diren lau lagunek, nahiz eta euskaraz jakin, erdaraz erraztasun handiagoa badute, Y etorri delako aitzakiapean pozik pasa daitezke erdarara.

Ba, horrela, kasu asko izango dira, eta ez naiz aspertzen horretan pentsatzen.