Han eta hemen

Bada garaia

Erabiltzailearen aurpegia Hiromi Yoshida 2022ko mai. 4a, 08:21
(Argazkia: Pixabay)

Hiromi Yoshidak 2022ko apirileko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

"Euskara munduko hizkuntzarik zailena da", diote oraindik batzuek harro, munduko hizkuntzarik zailena jakiteagatik, eta beste batzuek euskaraz ez ikasteko aitzakia gisa. Bada mito hori albo batera uzteko garaia, hizkuntza guztiak baitira zailak.

Hizkuntza bizi garen munduko alderdi guztiak adierazteko tresna konplikatua da, eta horrelako tresna bat ezin da erraza izan. Hizkuntza bat zaila ala erraza den erabakitzeko irizpidea norberak hizkuntza horrekin daukan erreferentziaren araberakoa da. Italieraz dakien batek esango du gaztelania erraza dela, biak jatorri berekoak eta oso antzekoak direlako. Euskarak antzeko hizkuntzarik (jatorri berekorik) ez duenez, inork ez dauka bere hizkuntza eta euskara lotzen dituen erreferentziarik. Horrek sortzen du aurrez aipatutako mitoa.

Beraz, hizkuntza bat zaila ala erraza den esaterakoan erabiltzen den irizpidea oso 'egozentrikoa' da. Kriterio hori kenduta, hizkuntza guztiak tresna konplikatuak besterik ez dira. Zaila izateak, gainera, ez du hizkuntza baten balioa areagotzen, ezta gutxitzen ere. Euskarak bere zailtasuna dauka, beste hizkuntza guztiek bezala.