Han eta hemen

Euskararen bidez

Erabiltzailearen aurpegia Hiromi Yoshida 2022ko mar. 16a, 07:08

Hiromi Yoshidak 2022ko otsaileko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

COVID-19 gaitzarekin aspertuta, euskal munduan ikusi eta ikasi izan ditudanak zenbatzen hasi naiz. Hona hemen horietako batzuekin osatu dudan zerrenda: Lazkaoko barnetegian hasi nintzen euskara ikasten, eta egunetik egunera neure burua aurrerapausoak ematen ikustea zer gozamen handia; Lazkaoko irakasleekin, ikaskideekin eta herritarrekin euskaraz komunikatzea zeinen pozgarria; txikiteoan ibiltzeko ohitura zoragarria; euskarazko txisteekin barre asko egitea; euskal kantuak buruz ikasten disfrutatzea (batez ere, Benitorenak); euskaldunen eskuzabaltasuna (edozer arlotan); euskaldunen sendotasuna eta bizkortasuna (egoera larrienetan aurkitzen zaretenean ere ez duzue negar egiten); euskaldunek norberaren euskalkia estimatzen duzue (gurean ere hala balitz!); euskal munduan murgildu ahala, politikari garrantzia ematen hasi nintzen; euskararen egoera ikusita, munduko gutxiengoak ere kontuan hartzen hasi nintzen; bertsolaritza ezagutu ondoren, neure herriko ahozko tradizioa beste ikuspuntu batetik begiratzen ikasi nuen...

Euskal Herrian ikusitako gauza gehiago aipatzeko prest nago, baina hemen ez dira kabitzen, eta hurrengo baterako utziko dut zeregin hori.