Han eta hemen

'Ezagutzea' eta 'gozatzea'

Erabiltzailearen aurpegia Hiromi Yoshida 2021ko urr. 27a, 08:21

Hiromi Yoshidak 2021eko urriko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Japoniako euskara ikasteko klaseetan euskal kulturaren zenbait arlo ere azaltzen dizkiet ikasleei, eta haiei deigarrien eta harrigarrien egiten zaien diziplina, dudarik gabe, bertsolaritza da. Bertsoak egiteko zer-nolako arauak bete behar diren, nola aukeratu behar den doinua eta abar azaldu eta bertso batzuk ematen dizkiet irakurtzeko, japonierazko itzulpenarekin. Miragarria iruditzen zaie ikasleei bertsolariek hitz ugari eta doinu asko buruan dituztela eta arau guztiak betez bertsoak egitea. Batez ere, bat-batekotasunarekin gelditzen dira txundituta. Miragarria egiten zaie halako segundo gutxitan arauak betez mundu bat bertsotan osatzea.

Horrela, bertsolaritzaren ezaugarriak eta obra batzuk ezagutzen dituzte ikasleek, baina benetako gozamenik gabe. Itzulpenek laguntzen diete bertsoak ulertzen, baina itzulpenetan errimak, hitz jokoen graziak eta abar galdu egiten dira askotan. Onena, noski, bertsoak euskara hutsean ulertzea eta gozatzea da. Gainera, euskaraz ondo jakiteaz gain, Euskal Herriko berri (aspaldiko kontuak nahiz gaur egungoak) etengabe izatea beharrezkoa da bertsoekin gozatzeko. Ni ere ez naiz horretaraino iristen!