Han eta hemen

Alde ona

Erabiltzailearen aurpegia Hiromi Yoshida 2021ko uzt. 28a, 08:31

Hiromi Yoshidak 2021eko uztaileko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Egoera gogor, itogarri honetan jarraitzen dugu, baina beti kexatzen ibili beharrean, saiatu naiz egoera honetan izandako alde onak bilatzen. Eta bat dut gogoan. Hau da, Tokioko hizkuntz akademia batean ere ematen dut euskara, eta eskola horretan, pandemia dela eta, 2020-2021 ikasturtean eskola guztiak online ematea erabaki zuten. Pandemiarik ez balitz, erabaki hori ez zuketeen hartuko.

Matrikula ireki zutenean, txundituta geratu ziren akademiako bulegariak, berehala eta inoiz baino jende gehiagok eman zuelako izena. Aurrez aurreko klaseetara Tokion eta inguruan bizi direnak besterik ezin daitezke joan, baina klaseak online emanez gero, mundu osoko jendeak parte har dezake saioetan.

Ohikoak ez diren hizkuntzak ikasteko aukera oso gutxi izaten da herri txikietan, eta hori horrela, online klaseen eskaintza berri pozgarria izango zen hainbatentzako. Internet sistemak urrutitik ekarri dizkigu ikasleak klaseetara. Sistema hori ez balego, euskara klasera joatea ezinezkoa izango zen haientzako. Hori da COVID-19ak eragindako pandemia honen alde on gutxi batzuetako bat, klaseak aurrez aurre ematea mila aldiz nahiago dudan arren.