Han eta hemen

Eskolarik gabe

Erabiltzailearen aurpegia Hiromi Yoshida 2021ko eka. 1a, 07:30

Hiromi Yoshidak 2021eko maiatzeko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Duela urte eta erdi Ipar Euskal Herriko herri batzuk bisitatu nituen lagun batzuekin, eta harrituta bezain pozik gelditu nintzen, sartu ginen taberna guztietan euskaraz komunikatu ahal izan ginelako. Tabernari gazteekin edota adinekoekin lasai aritu nintzen euskaraz. Ez nuen espero horrelakorik, inondik inora ere. Han ere euskararen transmisioa ez dago etenda, arazo batzuk tartean izan arren. Seinale ona da euskaraz gutxi mintzatzea espero den lekuetan euskara bizi-bizi dagoela jakitea.

Euskal Herriko umeek euskaraz ikasten dute: etxean edota eskolan edota bizi diren komunitatean. Hiru eremu horietan guztietan euskaraz egiten dutenak (beraz, %100 euskaraz bizi direnak) ez dira asko izango. Etxean nahiz komunitatean euskaraz bizi ez direnak eskolan soilik aritzen dira hizkuntza horretan. Gainera, ditxosozko birusa nagusitu den egoera honetan, eskolak ixten direnean, eskolan bakarrik egiten dutenek euskara erabili gabe denbora luzea pasatu behar dute (online zeozer egiten badute ere, hori ez da nahikoa izango).

Hortxe sor daiteke hizkuntzaren transmisioaren etena. Beste asko bezala, ni ere kezkatuta nago egoera honetan gerta daitekeenaz.