Euskaldun mundua ulertzeko

Erabiltzailearen aurpegia Hiromi Yoshida 2020ko eka. 30a, 10:00

Hiromi Yoshidak 2020ko ekaineko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua da honako hau.

Niri euskara eman zidan lehenengo irakaslea, Suzuko Tamura japoniarra, 1978an zazpi hilabetez joan zen euskara ikastera Euskal Herrira. Hain denbora gutxian maila onera iritsita, hala esan omen zien lagun euskaldunei (euskalduna=euskaraz bizi dena) Japoniara itzultzerakoan: "Gaztelania ikasten hasiko naiz, bestela ez dizuet inoiz ondo ulertuko". Suzukok ez zigun askorik azaldu horretaz, baina orain badakit zer esan nahi zuen. Lagun euskaldunek gaztelaniazko esapideak, esamoldeak, atsotitzak eta abar (hitz solteak sartzeak ez du axola) barra-barra sartuko zituzten euskaraz aritzen zirenean. Horregatik, lagunekin zituen elkarrizketak osorik ulertzeko erdara jakitea beharrezkoa zela sentituko zuen Suzukok; hau da, euskaldunek euskaraz eta gaztelaniaz (Hego Euskal Herriko kasuaz ari naiz) ondo dakitenez, haien mundua ondo eta sakonki ulertzeko guk ere bi hizkuntza horiek ikastea beharrezkoa dugula ondorioztatuko zuen.

Ordutik, jende askok eta askotan galdetu izan dit Euskal Herrian euskaraz soilik bizi al daitekeen. Nire erantzuna honako hau izan da: hizkuntzen bidezko komunikazioetan hiru faktore behar dira; mezua, igorlea eta hartzailea. Gurekin harremanetan dauden guztiek euskaraz baldin badakite euskaraz soilik bizi gaitezke. Hartzaileak bagara, baina, askoz erosoagoa da erdaraz ere jakitea; izan ere, bi hizkuntzetan denez trebea, nahi duen moduan edo nahi gabe erabiliko (nahastuko) ditu bi hizkuntzak igorleak. Ez dut inondik ere esan nahi euskaraz ari direnean erdarazko esaldiak sartzea gaizki dagoenik, oso ondo ikasitako hizkuntzaz baliatzea erabat naturala eta normala baita. Suzukok esan nahiko zuena zen bera eta ni bezalako atzerritarrek euskaldunek bizi duten diglosia egoera guk ere bizi behar dugula euskaldunen mundua errotik ulertu nahi baldin badugu. Beste kontu bat da euskararen alde borrokan jarraitzea.