Aldatu ez direnak

Erabiltzailearen aurpegia Hiromi Yoshida 2020ko api. 14a, 10:38

Hiromi Yoshidak 2020ko apirileko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

1985.ean bisitatu nuen lehenengo aldiz Euskal Herria. Geroztik, ia urtero joaten naiz, eta konturatu gabe, urte mordoa pasatu da. Bitartean, Euskal Herrian gauza asko aldatu dira.

Begi-bistako adaketekin ohartzea erraza da beti. Adibidez, 1985.ean kaleetan zenbat txakur-kaka ikusi nituen! Egun, ordea, askoz gutxiago daude, kalean askoz txakur gehiago ibiltzen den arren. Ardoa eskatzeko modua ere asko aldatu da; lehen, taberna batean hiru aukera bakarrik egoten ziren; beraz, beltza, gorria edo txuria. "Beltz bat, mesedez" esatea nahikoa izaten zen. Gero hasi ziren berezia eta normala bereizten, eta gaur egun, paretan ardo mota askoren izenak jarrita daude. Herri gehienetan obra asko eginda berrikuntzak eta hobekuntzak izan direla esan beharrik ez; Azpeitiko plaza, adibidez. Txikiteoaren ohitura asko bajatu da. Euskararen egoera ere aldatu da, baita euskara bera ere, eta aldatzen jarraitzen du. Euskaldunen izaera eta jende arteko harremanak ere aldatuko ziren –artikulu honetan "euskaldun" da "euskaraz bizi den euskal herritarra"–. Aldatu diren puntuek, seguraski, gaur egungo gizarte digitalizatuarekin eta globalizazioarekin lotura izan dezakete, baina momentuz, ez naiz gai hori ondo azaltzeko.

Euskaldunen izaerari dagokionez, aldiz, aldatu ez diren ezaugarriak ere badaude nire ustez (orokorrean ari naiz). Adibidez, gaur egun ere, orokorrean, xurre izateari gorrotoa diozue; bat hartzen baduzue, bi ematen dituzue; euskaraz zeozer dakiten kanpotarrekin oso jator eta eskuzabal portatzen zarete; lana txukun eta ondo egitea maite duzue; nork bere bideari jarraitzeari garrantzia ematen diozue; laguntza eske datorrenari laguntzeko prest zaudete beti; hamar solaskideren artean euskaraz ez dakien bat bakarra dagoenean, erdaraz egiten duzue haren onerako, euskara zokoraturik... Bihotz-oneko izaten jarraitzen duzuela esango nuke.