Gure semeak

Erabiltzailearen aurpegia Hiromi Yoshida 2020ko urt. 3a, 11:23

Hiromi Yoshidak 2019ko abenduko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

2018ko irailean eta 2019ko otsailean, Azpeitiko, Azkoitiko, Legazpiko eta Donostiako institutu publiko banatan euskararen erabilerari buruzko inkestak egin nizkien D ereduko ikasleei, honako helburu honekin: ikasleek non eta norekin egiten duten euskaraz eta erdarakadak zenbateraino erabiltzen dituzten jakitea. Erabilera sozialari dagokionez, emaitzak gutxi gorabehera espero nituenak izan ziren: Azpeitiko eta Azkoitiko ikasleek ia beti eta ia denekin egiten dute euskaraz. Zehaztasunak zehaztasun, ondorio orokorra zera da: euskararen erabileran etxeak baino eragin hangiagoa du bizi-tokiak.

Gramatikari dagokionez ere, espero nuen bezala, Azpeitiko eta Azkoitiko oso gutxik egiten dituzte akatsak. Baina emaitza batzuk ustekabekoak izan dira. Adibide bat: "Gure seme-alabak" esan beharrean "gure semeak" –erdaraz bezala– esaten al duten zen galderetako bat. Azkoitian ez nien galdetu, eta espero nuen Azpeitian erdarakada hori ez zuela inork erabiliko. Baina emaitza bestelakoa izan da. "Gure semeak" esaten dute Donostian galdetutako 237 lagunetatik 58k (%24,5), Legazpin 35etik 9k (%25,7) eta Azpeitian 128etik 27k (%21,1). Beraz, batetik bestera ez dago alde handirik. Baina beste erdarakada bat: "El otro dia" euskaraz "beste egunean" esaten dute Donostian 242 lagunetik 26k (%10,7), Legazpin 34tik 2k (%5,9) eta Azpeitian eta Azkoitian inork ez.

Beraz, Azpeitian "gure semeak" sartzen ari da, baina "beste egunean" batere ez. Antzeko adibide asko egongo dira, beraz; gauza batzuetan erdararen kalkoak darabiltzate, eta beste batzuetan ez. Normala da, eta horren zergatia aztertzea gai interesgarria izango da. Hizkuntzak etengabe ari dira aldatzen, baita euskara ere. Kasu honetan, "seme" hitzaren esanahia aldatzen ari dela esan liteke. Dena den, hizkuntza aldatuz badoa, hizkuntza hori bizirik dagoenaren seinale ere bada.