Kexa eta proposamena, plazako zaborrontzien harira

Erabiltzailearen aurpegia Herritarren leihotxoa 2019ko abe. 18a, 14:18

Herritar batek Uztarriara bidalitako argazkia da honako hau. Leku berean ateratako antzeko beste bi irudi ere bidali ditu. Plazako zaborrontziei ateratako argazkiak dira denak, eta horietan ontzi arinen edukiontzia plastikoz beteta ikus daiteke. Plazan sortzen den hondakin kopuruaz kezkatuta, edukiontziak aldatzeko eskaera egin du argazkiok Uztarriara bidali dituen herritarrak. Hark azaldu duenez, maiatzean egin zuen eskaera Azpeitiko Udalean, baina aldaketarik izan ez denez, gaia herriratzeko hautua egin du.

"Plazan sortzen dugun zabor kopuru handia ikusita, edukiontzien neurria zeharo eskasa delakoan nago, eta, batez ere, ontzi arinen edukiontziarena. Ziurrenik, herriko plaza da herritarrok kalean zabor gehien sortzen dugun gunea, eta bertan dauden edukiontziak oso txikiak eta estuak dira. Hori dela eta, asteburu askotan edukiontzi horia zaborrez gainezka egoten da, eta ondorioz, herritarrak zaborrak aldameneko ontzietara edo lurrera botatzen hasten dira", adierazi du herritarrak. Kexa agertu ez ezik, proposamena eta eskaera egin ditu: "Iruditzen zait ez zela zaila izango Balentina Agirre plazako parkean edo Olazko Amaren plazan dauden edukiontzien antzeko batzuk –zabalagoak dira– plazan jartzea". Argazkiak Uztarriara bidali dituen lagunak uste du edukiontziak aldatuta ez litzatekeela arazoa guztiz konponduko, baina urrats bat dela dio: "Plastikoak edukiontzira bota nahi ditugunok, behintzet, aukera hori izango genuke".