Elbarrituentzat diren aparkalekuak, okupatuta

Erabiltzailearen aurpegia Herritarren leihotxoa 2019ko aza. 4a, 17:29

Veronica Reyesek Uztarriara bidalitako argazkia da honako hau. Haren haurrak gurpildun aulkia behar du. Horren harira, elbarrituen aparkalekuetan txartelik gabeko autoak aparkatzen dituztela-eta kexa azaldu du. Gaur, 10:00etan, igerilekura joan eta egoera horrekin aurkitu dela azaldu du. "Nire bi haurrekin —bata 3 urtekoa eta bestea gurpildun aulkian— igerilekura joan eta autoa aparkatzera urrutirago joan behar izan dut. Igerilekutik 12:00etan irten dugu, eta bi ordu lehenago elbarrituen aparkalekuan eta txartelik gabe aparkatuta zegoen autoak toki berean jarraitzen zuen". Reyesek azaldu du ez duela ulertzen horren "enpatia eta errespetu gutxi izatea". "Agian, nahiago dut pentsatu txartela jartzea ahaztu zaiola auto horren jabeari, min gehiago ematen baitu horrelako pertsonak daudela pentsatzeak. Nahiko zaila da guretzat gurpildun aulkiarekin mugitzea, ez jarri zailago".

Reyesek adierazi du ia egunero aurkitzen dela antzeko egoerekin, eta haren ustez jendeak kontzientzia hartu behar du aparkaleku horiek 'pribatuak' direla. "Alegia, txartela dugun guztiontzat pribatuak dira, zoritxarrez. Ez dira enkargu azkar bat egiteko autoa uzteko guneak, ez dirua kutxazainetik atera bitartean autoa aparkatzeko tokiak... Guztiok bereizten ditugu elbarrituen aparkalekuak zeintzuk diren, baina askok ez dakite oraindik zertarako diren". Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarain elbarrituen aparkaleku bat jartzea lortzeko hiru edota lau alditan Azpeitiko Udalera jo zuela azaldu du Reyesek: "Lortu nuen eta nahiko zabala ipini zuten, eta bertan aparkatzeko txartela dugun bi gurasook saiatzen gara elkarri aparkatzeko tokia uzten, era horretan ezintasuna duten bi umeak ikastetxeko ate aurrean uzteko aukera dugu". Ezusteko bat baino gehiago ere hartu izan du, ordea: "Aurten, aitona-amona batzuk bilobak eramatera joaten dira eskolara, txartela autoan jarrita dutela, era horretan udaltzainek ezin diete ezer esan. Mesedez eskatuko nieke horiei, beren bilobek inongo arazorik ez badute eta autotik ikastolara oinez joateko gai badira —aitona-amona horiek autotik ez dira jaitsi ere egiten—, libre uzteko ikastetxearen ate aurreko aparkalekua. Bestela, udaletxera joan beharko dugu, ikastetxe aurreko aparkaleku hori txartel zenbakiekin mugatuta jartzeko eskatzera; beste udalerri askotan ikusi izan dudan moduan".