2019ko santioak eta saninazioak

Dagoeneko eman daiteke izena II. Gixau Txapelketan

Erabiltzailearen aurpegia
Iazko Gixau Txapelketako irudi bat.

Abuztuaren 1erako II. Gixau Txapelketa antolatu du Marea Arroxak, eta dagoeneko ireki da bertan parte hartzeko izen-ematea. Interesatuek, haujijijai@gmail.com helbidera idatzi beharko dute, edo Urola Expres, Orkatz edo Jim Clark tabernetan egongo diren izen-emate orriak bete. Festa batzordeak sua, olioa eta gatza banatuko dizkie parte hartzaile guztiei, baina haragia talde bakoitzak berea eraman beharko du.

Marea Arroxak bigarrengo urtez jarraian Gixau Txapelketa antolatu du abuztuaren 1erako, eta bertan parte hartzeko interesa duten herritarrek dagoeneko eman dezakete izena. Horretarako, bi aukera daude: haujijijai@gmail.com helbidera idatzita edo Urola Expres, Orkatz eta Jim Clark tabernetan egongo diren izen-emate orriak beteta. Lehiaketan parte hartu nahi dutenek, telefono zenbakia eta parte hartzaileen izenak jakinarazi beharko dituzte izena ematerakoan.

Txapelketa 12:00etan hasiko da, eta 14:00etarako amaituta izan beharko dute gisatua parte hartzaileek. Festa batzordeak suak eta mahaiak ez ezik, olioa eta gatza ere banatuko dizkie lehiakide guztiei, baina haragia eta gainontzeko osagaiak bikote, elkarte edo taldeek eraman beharko dituzte. Behin jakiak prestatutakoan, herritarrek eta gonbidatu bereziek prestatutako epaimahaiak erabakiko du txapelketako platerik onena zein den. Irabazlea aukeratzerakoan, plateraren aurkezpena, saltsa eta zaporea izango dituzte kontuan epaimahaiko kideek. Sari banaketa egin ostean, txapelketan parte hartuko duten lagunek beraiek prestatutako jakiak bazkaltzeko aukera izango dute, Marea Arroxak emandako edariaz eta postreaz lagunduta. Gisatua zein bestelako osagaiak parte hartzaileek eraman beharko dituztenez, Azoka Plazan egingo den bazkarira joateko ezinbestekoa izango da txapelketan parte hartzea.

Bigarren edizioa

Urte luzez Bakailao Txapelketa antolatu ostean, iaz antolatu zuten lehen aldiz Marea Arroxako kideek Gixau Txapelketa. Festa batzordeko kideek adierazi dutenez, abuztuaren 1eko prestaketek ardura asko eskatzen dute; azken urteetan prestaketei erantzuteko "indar faltan" ibili direla azaldu dute, eta boluntarioen batzarren ez dutela "behar adina laguntza" jaso. Hori dela eta, txapelketaren oinarrietan hainbat aldaketa egitea erabaki zuten Marea Arroxako lagunek, egitasmoarekin aurrera jarraitzea posible izan zedin. Joan den urtean Gixau Txapelketak "harrera bikaina" izan zuela gaineratu dute antolatzaileek, eta aurten ere txapelketan parte hartzeko deia egin diete herritarrei.

 

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide