Eskerrik asko festa herrikoietara batu zineten guztioi!

Erabiltzailearen aurpegia Haujijijai Batzordea 2018ko abu. 28a, 14:57
Baliteke gehienok urrun ikustea herriko festak. Izan ere, ia hilabete igaro da aurtengo jaiak amaitu zirenetik. Haujijijai festa batzordeko eta Marea Arroxako kideentzat, baina, ez dira festak abuztuaren 2an amaitzen. Orduan hasten baita auzolanaren bigarren zatia. Txosnako eta karpako edariak jaso, txosna eta karpa desmuntatu, kamiseta arroxak zenbatu, ordenatu eta jaso, ordainketak egin, milaka baso eta plater berebilgarri garbitu, Gaztetxea txukundu, kiosko azpiko gauzak Damasoko lokalera eraman, balorazioa egin… Baina dagoeneko ia dena amaituta du festa herrikoien aldeko batzordeak, eta iritsi da eskerrak emateko garaia.\ \ Alde batetik, eskerrak eman festa herrikoiak auzolanean eraikitzen direla ulertzen duzuten guzti horiei. Eskerrik asko zuen aletxoa jarri duzuen guzti-guztiei: ume eguneko izen-emate mahaian egon zinetenoi, ume eguneko makarroiak prestatzera animatu zinetenoi, gaztetxoekin jolastu eta haietaz arduratu zinetenoi, mahaiak jaso eta platerak garbitzeko prest egon zinetenoi. Eskerrik asko uztailaren 28an erlojuaren kontra plazako txosna muntatzera agertu zinetenoi. Mila esker lan hori errazago egin, eta planoak zein zerrendak egin zenituztenoi. Karpagunea prestatzen jardun zinetenoi eta hozkailuak edariz bete zenituztenoi. Eskerrik asko uztailaren 30eko hamaiketakoa prestatu eta banatu zenutenoi, mila esker ehunka sagardo botila deskortxatu zenituztenoi, txupinazoaren garaian festa herrikoien irudi diren erraldoiak soinean eramateko prest agertu zinetenoi. Eskerrik asko herri bazkarirako muntaketa lanetan aritu zinetenoi, baita paella banatzeaz arduratu zinetenoi ere. Eskerrik asko bazkalosteko jolasen ardura hartu zenutenoi. Eskerrik asko Txomingeroetarako makarroi bikainak prestatu zenituztenoi, eta mila esker zikindutako guztia garbitzeko prest agertu zinetenoi. Mila esker beste urte batez abuztuaren 1eko txapelketa posible egin zenutenoi, eta eskerrik asko batzordeko kideentzat gisatua egiteaz arduratu zinetenoi. Mila esker beste urte batez Emakumeok Plazara! egitasmoa antolatu zenutenoi, abuztuaren 1ean emakumeak plazara ateratzeagatik.\ \ Bestetik, eskerrak eman festa herrikoietara batu zaretenoi; festa eta aldarria eskutik emanda doazela sentitzen duzuenoi. Mila esker ume egunean jolasez gozatu zuten haur eta gaztetxoen gurasoei, Marea Arroxarekin sinesteagatik eta haurrak ekintzetara animatzeagatik. Mila esker euskal presoen, iheslarien eta deportatuen alde kalera atera zineten guztioi. Etxean nahi ditugu. Eskerrik asko ohiko kuadrillako bazkaria egin ordez herri bazkarira animatu zinetenoi. Baita txomingero bihurtu eta umorez aurreko eguneko ajeari eusteko gai izan zinetenoi Mila esker kritika, umorea eta aldarria uztartzeagatik, eta festak beste modu batera bizi daitezkela erakusteagatik. Eta batez ere, eskerrik asko, aldaketak aldaketa, abuztuaren 1eko gixau txapelketan parte hartu zenuten ohiko parte-hartzaileei eta sukaldari berriei! Pozgarria da aldaketak ulertu eta festetan parte hartuz jaiaz gozatzera irten zaretela ikustea. Aupa zuek.\ \ Aurten ezin izan dugu Kantu-Jirako lagunekin batera bazterrak kantuz alaitzera irten, baina hurrengo urtean han izaten saiatuko gara. Horrez gain, saiatuko gara festa herrikoien aldeko oihua ahal den leku guztietara zabaltzen, aurten zezen plaza aurrean eta harrera instituzionalean egin dugun gisan.\ \ Guk festa herrikoien alde egiten dugulako. Jaia eta borroka. Guk, festa herrikoiek.