Ume Egunerako izena emateko aukera izango da hilaren 14an, 15ean eta 18an

Erabiltzailearen aurpegia Haujijijai Batzordea 2016ko uzt. 11a, 14:18
Iazko ume eguneko irudia.

Haujijijaik plazan jarriko duen mahaian eman beharko da izena, 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara bitartean. 4 euro ordaindu beharko da izen-ematea. 

Badatoz saninazioak, festak ate joka dira dagoeneko, eta Haujijijai lan eta lan ari da. Aurten, azken urteetan bezala, Marea Arroxa erraldoia iritsiko da herrira, eta haur eta gaztetxoek ere izango dute Marea Arroxa horretan parte hartzeko aukera.

Uztailaren 24an izango da Ume Eguna, eta datozen egunetan eman beharko dute bertan parte hartzeko izena, 2004tik 2012ra bitartean (bi urteak barne) jaiotako haur eta gaztetxoek. Aste honetan ostegunean eta ostiralean, hilaren 14an eta 15ean, egongo da izena emateko mahaitxoa plazan, 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara bitartean. Hurrengo astelehenean, uztailaren 18an, ere egongo da izena emateko aukera, ordu eta toki berean. 

Izena emateko mahaian egongo dira izena emateko bete beharreko orriak. Argazki bat eramatea eskertuko da eta izen ematea 4 euro ordaindu beharko da umeko, kamiseta eta bazkariaren gastuak ordaintzeko. Kamiseten neurriak honakoak izango dira: 3-4, 5-6, 7-8, 9-10 edo 11-12. 

Ume eguneko egitaraua: 

14:00etan elkartu eta bazkaldu:

  • 2012an, 2011an eta 2010an jaiotakoak plazan (Lokotx taberna inguruan)
  • 2009an, 2008an, 2007an, 2006an, 2005ean eta 2004an jaiotakoak berdura plaza atzean.

Ondoren, jolasak, kalejira eta merienda izango dira. 17:30ean gurasoek haurrak jasotzera joan beharko dute plazara. Bestalde, arropa hautatzerakoan gogoratu umeak zikindu eta busti egingo direla.

Haujijijaik asko eskertuko du gurasoen laguntza egunean bertan.