Deia

Erabiltzailearen aurpegia da hau Haritz Saez | Iritzia
2015ko aza. 2a, 09:07

Internetak gain hartu gaituen garai hauetan, telefono deirik apenas egiten dugu eta jasotzen dugunean, normalean, telefono konpainia bateko dei luze eta aspergarria izan ohi da. Whatsapak bai, ehundaka. Hala ere, badira noizean behin jasotzen ditugun dei oso berezi eta pozgarriak. 

Horietako bat jaso nuen aurreko igande goiz batean. Xoxotera iristear nintzen, aldapa igotzeak eragindako bihotz taupadak sosegatzen hasiak zirenean, zenbaki luze-luze batetik zetorkidan deia. Ezagutzen ez nuenez, zalantzan egon nintzen hartu ala ez. Baina, bai, segundu batzuk pasatu ostean, "zein da?", galdetu nuen. "Bizi al haiz?", erantzuna. Nire bihotz taupadak berriro goraka hasi ziren eta hankek dardara egin zidaten. Azpeitira begira esertzea erabaki nuen. Aspaldi usaindu, sentitu, arnastu ez dituen txoko honen esentzia telefonoz bidal ote niezaioken esperantzaz.

Frantziar estatutik zetorren deia, bere etxetik urrun dagoen zoko batetik, bera ikusteko, aldiko, ehunka kilometro egin behar izaten diren parajeetatik. Ni azpeitiarra izan gabe bere lurraldean, eta bera atzerritik niri Azpeitira telefonoz deika. Bizitzaren paradoxak. Badira sei urte berarekin hitz egiteko aukerarik ez nuela. Noski, ikusteko ere ez. Egon ginen azken aldia buruan dut, hala ere, eta non eta nola egon ginen eta zertaz hitz egin genuen ere bai. 

Altueraz ez da gizon handia, bihurri xamarra izana, parrandazale amorratua eta langile fina, lagunen laguna eta herrian maitatua da. 

Beno txikiye eutsi goiyei ta mila esker dei berezi horregatik!

(Urriko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzia da hau)

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu